ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Pilotakadak eta zigorgabetasuna

2019-10-04

Iruñeko Auzitegiak Estatua egin du Aingeru Zudaireri begia atera zion pilotakadaren arduradun eta tiro egin zuen polizia absolbitu du.

Zudaireren kasuan, Estatua arduradun egin badute ere, tiro egin zuen polizia zigorrik gabe gelditu da. Zigorgabetasun hori ahalbidetzen duen korporatibismoak behingoz amaitu behar du.

Zazpi urteko borroka judizialaren ostean, Iruñeko Auzitegiak Estatua egin du Aingeru Zudaireri begia atera zion pilotakadaren arduradun. Zoritxarrez, sententzia horretara iristeko, Poliziaren zigorgabetasuna ahalbidetzen duen prozesu luze batean murgildu behar izan du biktimak, eta jarritako oztopo ugari gainditu behar izan ditu, instantzia ofizialen inolako laguntzarik gabe.

Euskal Herrian egindako manifestazioetan, jende gehiegi jipoitu du Poliziak, jende gehiegi zauritu du, jende gehiegiri utzi dizkio bizi osorako arrastoak, jende gehiegi hil du. Ezbeharrak gertatu ondoren, korporatibismoa izan ohi da nagusi, gertaerak argitu eta erantzuleak aurkitu beharrran: Estatu-aparatu guztiek (Poliziak, arduradun instituzionalek, fiskalek, epaileek) poliziaren zigorgabetasuna gauzatzeko mekanismoak martxan jartzen dituzte.

Cabacas auzia paradigmatikoa dugu, Jaurlaritzak eginahal guztiak egin baititu Ertzaintzak eragindako heriotzaren ardura oro estaltzeko. Zudaireren kasuan, Estatua arduradun egin badute ere, tiro egin zuen polizia zigorrik gabe gelditu da. Zigorgabetasun hori ahalbidetzen duen korporatibismoak behingoz amaitu behar du, SORTUren aburuz. Jokabide erabat antidemokratiko batera ohitu nahi gaituzte. Baina berriz diogu: Poliziak herritarren zerbitzura egon behako luke. Horregatik, ezinbestekoa da polizia-ereduari buruzko gogoeta sakona egitea, Ertzaintza y Foruzaingoa benetan polizia demokratikoak izan daitezen, Guardia Zibil eta Espainiako Poliziarik gabeko Euskal Herrian.