ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Patxi Ruizen egoeraren harira

2020-05-20

Ohar honen bidez, SORTUk bere kezka azaldu nahi du Patxi Ruiz euskal preso politikoak bizi duen egoerarengatik.

Espainiako Gobernuak du Patxi Ruiz-en egoeraren ardura. Espainiako Gobernuari dagokio Patxiren bizitza bermatzea. SORTUk dei egiten dio bere esku dauden neurri guztiak har ditzan horretarako.

• SORTUren ustez, euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko politika jarraituak eragin zuzena du Patxi Ruiz pairatzen ari den egoeran. Indarrean dagoen espetxe politikak euskal presoen deuseztatze pertsonal eta politikoa bilatzen du. Makinaria errepresibo kalkulatu bat aplikatzen da presoa pertsona gisa birrintzeko, lehenik, eta bere konbikzio politikoetan amore eman dezan, ondoren. Horretara zuzenduta daude, esaterako, sistematikoki aplikatzen den 1. gradua, bakartzea eta urruntzea, baita espetxe administrazioaren ohiko jarrera bortitza ere.

• Ankerra da oso euskal presoek pairatzen duten espetxealdia eta ankerra da haren eragina, maila fisikoan nahiz psikologikoan. Halako baldintza gogorretan bizitzera behartuta dagoen presoak urte luzetan pilatu duen tentsioa edozein unetan lehertu daiteke eta, zenbaitetan, muturreko erabakiak, are erabaki desesperatuak, hartzera bultzatu dezake presoa.

• SORTUk aipatu testuinguruan kokatzen du Patxi Ruiz pairatzen ari den egoera eta irakurketa horren arabera jokatzen ari da lehen unetik. Patxiren egoerari arrazoizko konponbide bat eman behar zaio, beranduegi izan baino lehen: bere bizitza eta osasuna zainduz, batetik, eta segurtasunean sentitu dadin behar diren neurriak hartuz eta behar duen laguntza emanez, bestetik.

• Urgentziazko neurri hauekin batera, arazoaren jatorrian dagoen salbuespeneko espetxe politika indargabetu eta presoak etxeratzeko prozesuari ekin behar zaio behingoz. Euskal Herrian borroka luze batean murgilduak gaude, askoren arteko dinamika zabalen bidez, euskal preso politikoentzat soluziobiderako aukera irekitzeko saiakeran. SORTUk lan horretan jarraitzeko konpromisoan berresten da.

• SORTUk argi du konponbidearen ardura ezin dela Patxiren bizkarrean utzi. Auzi hau eta, oro har, euskal preso politikoen afera konpontzeko eta presoak etxeratzeko egiteko nagusia kalean dago. Gu guztion ardura da.

• SORTUk ez du babesten eta ez du babestuko Patxiren bizitza eta bere egoera bideratzea lehenesten ez dituen inolako ekimenik, are eta gutxiago, halakoek, Patxi irteerarik gabeko egoera batera bultzatu dezaketenean. Zentzu horretan, SORTUk egoeraren irakurketa zintzoa egiteko eta arduraz jokatzeko eskatzen dio Patxiren ingurune politikoari eta, aipatu irizpideen baitan, ezker abertzalearen baliabide guztiak eskaintzen dizkio berriz ere, Patxi lagundu eta bere egoera bideratzen ahalegintzeko.

• Edonola ere, Espainiako Gobernuak du Patxi Ruiz-en egoeraren ardura. Espainiako Gobernuari dagokio Patxiren bizitza bermatzea. SORTUk dei egiten dio bere esku dauden neurri guztiak har ditzan horretarako, gehiago itxaron gabe, Patxi egoera kritikoan sartu baino lehen.

• Bukatzeko, SORTUk egoera konpontzea eta ahalik eta azkarren berreskuratzea opa dio Patxi Ruiz-i. Era berean, une zail hauetan, Patxiren senide eta lagunei bere elkartasuna helarazi nahi die. Eta, oro har, euskal preso politiko guztiei eta beren hurkoei besarkada bero bana bidali nahi die, azken hilabeteotan bizitzen ari diren egoera zailaren aurrean.

Denak etxean eta bizirik nahi ditugu!