Sortuko militanteok herrigintzan ari gara nagusiki. Herriz herri eta auzoz auzo abian diren hamaika egitasmotan murgilduta, esate baterako euskalgintzan edo mugimendu feministan edo dinamika ekologistetan edo... Herria egiteko dugun engaiamendua da gure altxorrik preziatuena, herrian bertan ari baikara, herriarekin batera eta herriarentzat, helburu argi batez: kapitalismoak jotako jendarte hau aldatzea, burujabetza berreskuratuta guztiok bizitza bizigarriak izan ditzagun.
Ezker abertzaleko militanteok han-hemenka egiten dugun ekarpen oro josteko konpromisoa bere egin zuen Sortuk azken Kongresuan. Euskal Herriak nazio-bulkada behar duela konstatatu genuen. Horrenbestez herrigintza aro berri baterako nazio-bulkada behar dugu, eta horretan zentratuko dugu aurtengo edizioa. Azken batean, herrigintzan ari garenok saretuta, eraginkorragoak izango gara, errazago egingo dugu jauzia.
Horregatik, otsailaren 4rako Plaza Hutsa saioa antolatu du Sortuk. Burlatako kultur etxean egingo da aurten, hiru urteko etenaren ostean datorrelako, lehendabizi pandemiaren eta ondoren Kongresu prozesuaren eraginez. Dagoeneko martxan da izena emateko orria. Herrigintzan dabilen ezker abertzaleko komunitateari dei egiten diogu Plaza Hutsean parte hartu dezan.
Gogoetarako unea izango da. Nola ulertzen dugu herrigintza? Nola elikatu estrategia independentista herrigintzatik? Eta nola elikatu herrigintza estrategia independentistatik? Nola egokitu behar du herri honek garai berrietara? Argi dago hori guztia gauzatzeko anbizioa ezinbestekoa dela, nazio-harrotasuna berreskuratzea, egitura nazional berriak sortzea eta herri-gogoa astintzea. Ahor, herrigintzaren papera.
Kongresuan erabaki genuen herrigintzan ari diren ezker abertzaleko militanteak sareetan antolatzea, gure mugimenduak herrigintzan egindako ekarpena hobetu eta biderkatzeko. Sei eremu identifikatu genituen: ekologismoa, feminismoa, euskara, hezkuntza, lan eta bizi baldintzak eta migrazioa. Plaza Hutsa sei eremu horien topaleku izango da, eremu bakoitzak tailer propioa izango baitu.
Tailerrei ekin aurretik, “Herrigintzaren aro berri baterako nazio-bulkada” izenburupean, solasaldia egingo da. Estrategia orokorraren baitan, herrigintzak duen estrategikotasuna xehatuko da. Azken batean, logika baten baitan ari gara saretzen, eta horren inguruko azalpenak eskainiko dira.
Bigarren zatian sare bakoitzak bere tailerra izango du:
- Ekologia sarea: Kapitalismoak Lur planeta kolapsoaren amildegi ertzera eraman duen honetan, krisi ekologikoari eta larrialdi klimatikoari Euskal Herritik ere eman behar zaio erantzuna. Hortaz, tailerrean aztertuko da erronka ekologistak Euskal Herrian zer ekosistema behar duen: mugimendu ekologista sendo bat, politika publiko sendoak eta ausartak, gobernantza partekatua eta herritarren konpromisoak.
- Feminismo sarea: askapen prozesua erabatekoa izan dadin ezinbestekoa da emakumeen eta sistema kapitalista heteropatriarkal eta kolonialak zapaltzen dituen pertsonen emantzipazioaren alde borroka egitea. Zaintza-lanen kolektibizazioaren aldarrikapena indartzeko unea da, zaintza-sistema publiko eta komunitarioaren aldarria zabaltzeko unea. Horrexegatik zaintzaren inguruan jardungo da tailer honetan.
- Euskara sarea: euskal hizkuntzak bultzada berria behar duenez, euskalgintza arnasberritua artikulatzen laguntzen ari gara. Tailerrean, hizkuntzaren auzia nola problematizatu aztertuko dugu, hizkuntza politiketan aldaketen premia dagoela ikusarazi behar baitugu.
- Lan- eta bizi-baldintzen sarea: sistema kapitalista patriarkala esplotazioan oinarritzen da, iraunkorki krisi ekonomikoak eraginez. Prekarietatea, ezegonkortasuna, etorkizun duinerako espektatiba falta eta pobrezia handitzen ari dira. Gure ardura da egoera horiei urgentziazko neurrien bidez nola erantzungo diegun hausnartzea, eredu aldaketa batera eramango gaituen trantsizioa irudikatzen hastearekin batera.
- Migratzaileen eskubideen aldeko eta arrazakeriaren aurkako sarea: Jatorri ezberdinetako herritarrez osaturiko herria da gurea, gainontzeko herriak bezala. Geroz eta anitzagoa den herria dugu eta beraz, aniztasun modu baikorrean nola kudeatu hausnartu behar dugu nazio proiektu berri baiten baitan.
- Hezkuntza sarea: Euskal herritarrok ez dugu Euskal Herriaren errealitaearen beharrei erantzuteko hezkuntza-sistemarik. Espainia eta Frantziako estatuen mende gaude. Tailerrean, egungo hezkuntza sistemetatik euskal hezkuntza feminista, komunitario eta burujaberantz bidea egiteko trantsizioaz ariko gara.
- 09:00-09:45 Harrera, izen ematea eta material banaketa
- 09:45-11:15 Solasaldia: Herrigintzaren aro berri baterako nazio bulkada
- 11:15-11:45 Atsedena eta kafea
- 11:45-13:45 Eremuetako ariketak
• Ekologismoaren erronka Euskal Herritik
• Hizkuntzaren auzia problematizatzen
• Zor diguten bizitza feminismotik irabaztera goaz
• Euskal Hezkuntzaren eraikuntzarako ibilbidea zehazten
• Euskal Nazio proiektua eta migrazioa
• Pobrezia eta bazterketa Euskal Herrian
- 13:45-14:00 Plaza Hutsaren itxiera saioa
- 14.00 Luntxa