ALBISTEA


sortu

Orain, Ponentzia

2021-09-13

Gogoeta fasea amaituta, eztabaida ponentzia idazteari ekin diogu. Kongresu prozesuan parte hartzeko inskripzioa irailaren 15ean amaituko da.

Aurrera doa kongresu prozesua. Orain arte gogoeta fase batean jardun du Sorturen militantziak. Egoeraren analisia egiteko eta ekarpenak bideratzeko zenbait espazioen baliatu ditugu: 500 militanterekin egoerari buruzko elkarrizketa sakonak egin dira, Durango eta Oiartzungo nazio topaketetan gure mugimendu politikoak aurrean dituen erronkak aztertu ditugu, herri batzarrak egin ditugu, Atarrabiako nazio batzarra, hamaika ekarpen idatzi dira... Ugariak eta askotarikoak izan dira militantziaren ekarpenak. Zalantza izpirik gabe, bi gauza gelditu dira agerian: batetik, testuinguru sozio-politiko zail honi aurre egiteko prest dagoen mugimendu bizia garela; bestetik, ekarpen horiek guztiek Kongresu prozesua aberastu egingo dutela.
Gogoeta fasea amaitutzat jo du Sortuk, ponentziaren erredakzioan murgiltzeko. Izan ere, orain arte egindako ekarpenekin, Eztabaida Ponentzia idazten hasia da Nazio Kontseilua, irailaren 29an aurkeztuko dena.
Ponentziaren eztabaidan parte hartzeko, erregistratzea ezinbestekoa da, eta irailaren 15a izango da izena emateko azken eguna, partehartu.sortu.eus webgunean sartuta. Sortzaileek, hau da, afiliatuek ez dute izena eman beharrik izango. Hortik aurrera, erregistratutakoek nahiz Sortzaileek ponentziari buruzko eztabaidan modu aktiboan parte hartzeko aukera izango dute, osoko zuzenketak zein partzialak aurkeztuz, zuzenketen bozketetan parte hartuz, Nazio Kontseiluko hautagaitza aurkeztuz edota hautagaitzen bozketetan parte hartuz.