Gaur, ekainak 23, Espainiako Auzitegi Nazionalean ‘Ongi etorrien’ auzi gisa ezagutzen den epaiketan erdietsitako akordioarekin, Euskal Herriko konponbide prozesua blindatzeko eta aurrera segitzeko bidea irekita mantentzea ahalbidetu dute sei auzipetuek.
‘Ongi etorrien’ auzi gisa ezagututako epaiketa izan da gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Sei eta bederatzi urte arteko kartzela zigor eskariak egin zituzten auzipetuen aurka fiskaltzak eta hiru akusazio partikularrek -AVT, Dignidad y Justicia eta Alderdi Popularra-, talde kriminaleko kide izatea eta biktimak umiliatzea leporatuta. Ordea, akusazio partikularrek, fiskaltzak eta auzipetuek erdietsitako akordioarekin amaitu da.
Auzi anakroniko honen bidez, eskubide zibil eta politikoetan zein oinarrizko printzipio demokratikoetan atzera egiteko bultzada izan dute, Euskal Herria berriz ere iraganera eramanez. Halaber, sei lagun epaitzetik harago, Euskal Herrian azken 10-15 urtetan bakearen, konponbidearen eta elkarbizitzaren alde egindako urratsak ere epaitu asmo zituzten. Akordioaren bidez, hori ekidin dute auzipetuek.
Beste behin ere, ezker independentismoak duen jarrera positiboa agerian geratu da. Euskal Herrian elkarbizitza eraikitzeko eta, ahal den neurrian, biktimen mina arintzeko konpromisoaren erakusle da akordio hau.
Bukatzeko, Euskal Herriaren alde lanean jarraituko dutela adierazi dute auzipetuek. Horretarako, konponbide prozesua bultzatzen segituko dutela nabarmendu dute, hau da, biktima guztien aitortzan aurrera egiteko eta euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera ekartzeko lanean.
Sortuk auzipetuek lortutako akordioa babesten du, eta, haiek adierazi bezala, konponbide prozesua amaieraraino bultzatzeko konpromisoa berresten du.