Azaroaren 20an Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrenaren harira, ezker abertzaleko hainbat kidek egun horretan egingo den manifestazioa aurkeztu dute. 'Oker dabiltza, oker zebiltzan. Geldiezinak gara' lelopean, Arriaga plazatik irtengo da 19:00etan eta Santi Brouard hil zuten kontsultaren aurrean amaituko da (Errekalde Zumarkalea, 12).
Aurkezpenean ezker abertzaleko kide hauek izan dira: Kris Alvarez, Mikel Alvarez, David Lizarralde, Ibon Meñika, Tasio Erkizia, Jone Goirizelaia, Ibon Arbulu, Enkar Cordón, Asier Zamorano, Maialen Cuevas, Iker Alcedo, Nahia Rodriguez eta Urtza Alkorta. Arkaitz Rodriguezek egin du aurkezpena
Gaur zortzi urteurren seinalatua dugu: estatu-terrorismoak hil zituen orain 35 eta 30 urte Santi Brouard eta Josu Muguruza, hurrenez hurren. Herenegun, gainera, 40 urte bete ziren estatu-terrorismo berbera Mikel Arregi Lakuntzako zinegotzia hil zuela.
PSOEk GAL baliatu zuen, aurretik UCDk BVE baliatu zuen bezala, herri honen aspirazio askatzaileak zapuzten saiatzeko, bai nazionalak bai sozialak. Jakin bazekiten ezker abertzalearen apustu politikoak ekar zezakeela berrezarri berri zuten Espainiako erregimen monarkiko ustelaren eta elite ekonomikoen pribilegioen amaiera eta, ondorioz, bere menpeko herrien askatasuna.
Izan ere, ezker abertzalearen hautua oso argia izan zen: Euskal Herriak benetako demokrazia, justizia, askatasuna eta bakea lortzeko ezinbestekoa zen haustura demokratikoa frankismoaren oinordekotzarekiko, 78ko Erregimenarekiko. Ezker abertzaleak bakar-bakarrik sustengatu zuen analisi hori. Bada, hautu hori deuseztatzeko asmoz, Estatuak gerra zikina, tortura, ilegalizazioak, hedabideen itxiera, dispertsioa, eskubide zibil eta politikoen murrizketa eta abar luze bat erabili zituen hamarkada luzez.
Oker zebiltzan. 30 eta 35 urteren ostean, errepresioak ez du lortu herri hau ez desagerraraztea ez makurraraztea. Euskal Herrian demokrazia aldarrikatzen duen proiektu independentista sendotu besterik ez da egin. Errepresioak ez gaitu geldiarazi. Independentistak hazi egin gara eta hazten ari gara. Are, ezker abertzalea ez da jada eragile politiko bakarra haustura demokratikoa planteatzen duena. Egun, Estatuko nazioetako indar politiko subiranista guztiek egiten dute bat haustura-demokratikoaren tesiarekin, Llotja de Mar-ko adierazpenean agerian gelditu den moduan. Egun, eta Ezker Abertzalearen borrokari esker maila handi batean, inoiz baino gehiago gara pentsatzen dugunak demokrazia eta justizia agertoki bat eskuratzeko aukera bakarra dela 78ko Erregimenarekiko haustura demokratikoan sakontzea, autodeterminazio eskubidea gauzatzea eta Estatuko herri bakoitzeko errepublika burujabe bana eraikitzea.
Espainiar Estatuak, Frankismoarekiko hausturarik ezean, eskaintza demokratikorik gabe jarraitzen du. Ez dauka eskaintza demokratikorik ez Euskal Herriarentzat ez Estatuko gainerako herrientzat. Eta eskaintza demokratikoaren faltan inboluziora, birzentralizaziora eta autoritarismora jo du 78ko Erregimen hori salbatzen saiatzeko azken aukera moduan. Apustu horren baitan kokatzen dira espetxeak euskal militantez hustu ez eta Altsasuko gazteak bezalako euskal herritar berriez bete nahi izatea; apustu horren baitan kokatzen da Kataluniako independentismoaren aurka bideratutako errepresio guztia, eta apustu horren baitan kokatzen da bai Kataluniari bai Euskal Herriari bai estatuko gainerako herriei beren autodeterminazio eskubidea bortxaz ukatzen jarraitzea. oker dabiltza. orain ere errepresioak ez baitu lortuko gure herrien demokrazia eta askatasun aldarriak itotzea.
Geldiezinak gara. Ezker Abertzalea gai izan zen Frankismorik beltzenari aurre egiteko; gai izan da gerra zikinari, kare biziari, torturari, espetxeari eta erailketari aurre egiteko; gai izan da Santiren, Josuren eta beste hamarnaka burkideren erailketei aurre egiteko; eta, errepresioak errepresio, gai izango da, beste sektore politiko eta sozial batzuekin batera elkarlanean gure herria demokraziara, independentziara eta sozialismora eramateko.
“Oker zebiltzan. Oker dabiltza. Geldiezinak gara”. Hori da aurten, antolatu dugun manifestazioaren leloa. Dei berezi bat egiten dugu urteurren berezi honetan, Santi eta Josuren eta, bide batez, estatu biolentziaren biktima guztien omenez egingo dugun manifestazioan parte hartzeko. Haien hausnarketa eta borroka inoiz baino biziago daudela erakusteko.