ALBISTEA


euskal herria

Nazioa gara, etorkizuna gara!

2023-11-21

EH Bilduk 30.000 lagun bildu ditu azaroaren 18an Bilboko nazio mobilizazioan. Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu dute, 'Txoria txori' abestuz

"EH Bildu Euskal Herria zaintzen eta babesten duen indar politikoa da; Euskal Herri osorako proiektu bat antolatzen eta defendatzen duen indar politikoa"

Bilboko Autonomia kalea leporaino bete dugu 30.000 lagunek azaroaren 18an, EH Bilduren nazio mobilizazioan. Euskal Herria nazio bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatu dugu. 'Nazioa gara' lelopean, Casilla plazatik abiatu da mobilizazioa, 17:30ean, ikurrinak eta Nafarroako banderekin, eta pankarta aurreko zanpantzarrek girotuta. Mobilizazioaren amaieran, manifestazio burua Zabalburura iristean, 'Txoria txori' abestu dute parte hartzaileek.

EH Bilduren hitzordu jendetsuan parte hartu dute FPLP palestinarrak, Frente Polisarioak, KNK kurduak, Sinn Feinek, ERCk, CUPek, BNGk, Mes Per Menorcak, Andecha Asturrek eta Compromisek. Hain zuzen ere, Euskal Herria nazio solidarioa dela, eta munduan dauden herri zapalduen borrokak ere defendatzen dituela aldarrikatu dute bertan bildutakoek.

Mobilizazioa bukatzeko, Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak hartu du hitza Zabalburu plazan. Hitzartzearen hasieran, Palestina jasaten ari den genozidioa salatu du Otegik, eta palestinar zapia jarri du hitzartzeko mahaian, duela hemeretzi urte Anoetako belodromoan egin zuen bezala. Estatu terrorismoaren ondorioz hil zituzten Santi Brouard eta Josu Muguruza ere izan ditu gogoan.

"EH Bildu Euskal Herria zaintzen eta babesten duen indar politikoa da", esan du EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Halaber, Euskal Herri osorako proiektu bat antolatzen eta defendatzen duen indar politikoa dela nabarmendu du, herria guztiaren aurretik jarriz. Horregatik, adierazi du Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna ezin dela EH Bildu gabe.