ALBISTEA


sortu

Nazio Kontseiluak aurkeztutako hautagaitza izango da Sorturen zuzendaritzarako hautagaitza bakarra

2026-01-15

Nazio Idazkaritzarako hautagaitza alternatiboak aurkezteko epea atzo amaitu zen, eta ez da inor aurkeztu. Hilaren 21etik 23ra izango da bozketa; biharamunean amaituko da Sorturen IV. Kongresua, Irunen.

Bart, urtarrilak 14, amaitu da Sorturen Nazio Idazkaritzarako hautagaitza alternatiboak aurkezteko epea, eta ez da proposamenik egon. Beraz, Sorturen Nazio Kontseiluak proposatutako taldea izango da zuzendaritzako hautagaitza bakarra. Urtarrilaren 7an aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak zortzi emakumez eta zazpi gizonez osatutako hautagaitza. Xabi Iraola Larraia da koordinatzaile orokorrerako proposatutako pertsona; hura izango da belaunaldi eta herrialde ikuspegitik orekatua den taldearen gidaria.

Urtarrilaren 8tik atzora arte izan dute Sortuko afiliatuek euren zuzendaritzarako hautagaitza proposamenak aurkezteko aukera. Halakorik egon ez denez, Sorturen Nazio Kontseiluak aurkeztutakoa izango da urtarrilaren 21etik 23ra arteko bozketetan Nazio Idazkaritzarako hautagaitza bakarra. Egun horietan bozkatuko dituzte Kontrol eta Berme Batzordea eta Kontuen Batzordea ere. Biharamunean, hilaren 24an, emango dio amaiera Sortuk IV. Kongresuari, Irungo Ficoban egingo duen batzar-ekitaldian. Ehunka kide elkartuko dira bertan, baita Euskal Herriko zenbait eragiletako ordezkariak eta nazioarteko hainbat gonbidatu ere.

Ekaineko Nazio Konferentzian Sorturen IV. Kongresua urtebetez aurreratzea erabakita, udazkenean ekin zion antolakundeak prozesuari. Urriaren 22an ‘Herri gogoa’ ponentzia aurkeztu zuen Nazio Kontseiluak. Ordutik, 150 batzar baino gehiago eta 2.000 lagun bildu ditu prozesu metakor eta parte hartzaileak. Hala, datozen urteotako bide-orria aberastu eta ondu dute, 2025a amaitu bitarte. Urtea hastearekin batera, zuzendaritza osatzeko faseari ekin diote. Hamar egun barru prest izango da Sortu berritua, ‘Herri gogoa’-n jasotakoari ekiteko.