ALBISTEA


sortu

Nazio ekitaldia eta VI. Nazio Konferentzia irailaren 23an, Arrasaten

2023-09-11

Sortuk nazio ekitaldia egingo du irailaren 23an Arrasateko Monterron parkean, nazio askapen mugimenduarentzat berezia den Irailaren 27aren harira; Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz artistek egin dute kartela

Ilargiak gaurik ilunenean ere argia ematen digu. Ilargiak zikloak ditu, borrokak bezala, gorabeheratsuak, baina etengabe berritzen direnak. Ziklo berriak jaiotzeko, zaharrak hil behar dira: ilbete, ilbehera, ilberri eta ilgora

Irailaren 27a momentu berezia da euskal nazio askapen mugimenduarentzat. Gure balioak aldarrikatzeko eta berresteko eguna da, Txiki eta Otaegik gorpuzten dituzten balioak. Ezker abertzaleko militanteak, Txiki eta Otaegi bezala, haien aurrekoak eta ondorengoak, Euskal Herria iraunarazteko, biziarazteko engaiatuak gara beti.

Hamarkada bat pasatu da euskal independentismoak, jendartearen nahiarekin bat eginez, gatazka politikoa konpontzeko aro berri bati ekiteko erabakia hartu zuela. Sortu Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko ibilbidea jaso eta ziklo berrira egokitzeko ahalegin etengabean ari da. Konbentzituta gaude ziklo berriak iruditeri berriak, sinbolo berriak eta kontakizun berriak behar dituela, iragana alboratu gabe.

Hamarkada hauetan guztietan, arteak gure sinbolo, iruditegi eta errelato horiek eraikitzeko ekarpena egin du, eta ziklo berrian ere, hala izan behar du. Oier Zuñiga eta Malen Amenabar ilustratzaileek eta Kepa Akixo 'Zigor' artistak iruditeri berri
hori eraikitzeko ekarpena egin dute euren obren bidez azken urteetan. Aurten, Nora Aurrekoetxea eta Laura Ruiz artistei eskatu diegu Irailaren 27ak iradokitzen diena euren obraren bidez adierazteko.

Ruizek eta Aurrekoetxeak bakoitzak bere praktika propioa baldin badute ere, elkarrekin lan egin dute tandem modura hainbat urtez. Erresistentzia sozialen arrastoak eta keinuak sinbolo eta totem nola bilakatzen diren interesatzen zaie. Haien lanean, erretakoa, leloak eta borroken ikonografiak birkonfiguratu dira erabilera sinboliko berriak emateko, orainaldiarekin zubiak eraikiz, memoriaren indarrari eta unearen hauskortasunari erantzuna emanez.

Iaz Zigorrek proposatu zuenari tiraka, gaua hartu dute erreferentzia gisa. Gaua konspiratzeko une gisa, arauak hausteko momentu gisa. Gaua eta ilargia. Ilargiak gaurik ilunenean ere argia ematen digu. Ilargiak zikloak ditu, borrokak bezala, gorabeheratsuak, baina etengabe berritzen direnak. Ziklo berriak jaiotzeko, zaharrak hil behar dira: ilbete, ilbehera, ilberri eta ilgora.

Horregatik, Norak eta Laurak ez dute kartel soil bat osatu, ezpada unibertso oso bat; ilargiaren bueltako unibertso eta giro bat hain zuzen ere. Atzean ikusgai ditugun oihaletan jaso dituzte ilgora, ilberria eta ilbehera. Eta kartelean, berriz, ilbetea. Beraz, aurtengo kartel hau ere, galdetzeko, deseroso sentitzeko eta hortik hausnarketa berrietarako inspirazio iturri izatea espero dugu.

VI. Nazio Konferentzia
Independentziarako indarra biltzen segitzeko anbizioarekin begiratzen diegu lan urte berriari zein datozen urteei. Independentziarako eta aldaketa sozialerako, noski: bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen Estatua behar dugulako

Irailaren 27a data berezia da Sorturentzat eta nazio askapen mugimenduarentzat. Gure proiektu politikoan berresteko eguna da gure komunitatearentzat. Helburu guztiak lortu arte, borrokan jarraitzeko zin egitea.

Kartelaren sortzaileak zikloez mintzo dira aurtengo honetarako egin duten kartelean. Badoazen ziklo zaharrez, eta badatozen ziklo berriez. Euskal Herriaren askapen nazionalaren eta sozialaren aldeko borrokak ere ziklo ugari igaro ditu. Ezker abertzaleak 2010ean estrategia egokitzeko hartutako erabakiarekin aro berri bat ireki zen gure herrian.

Maiatzaren 28ko eta uztailaren 23ko hauteskundeen ondoren, hego Euskal Herrian ziklo politiko berri bat abiatzeko aukera parez pare irekita dugu. Espainiar estatuak eta 78ko erregimenak nazio zapalduokin duen gatazka politikoa konpondu gabe jarraitzen du. Aldiz, hauteskundeen ondoren osatu den gehiengo ezkerreko eta independentistak, horren konponbidean urratsak egiteko aukera zabaltzen du. Ipar Euskal Herrian, berriz, abertzaletasunak hartu duen indarrak eta zentralitateak, euskal lurraldearen aitortzan zein eskubide sozialen aitortzan, agertoki berriak eskuratzeko aukera zabaldu du parez pare.

Euskal Herrian independentziarako indarra biltzen segitzeko anbizioarekin begiratzen diegu lan urte berriari zein datozen urteei. Independentziarako eta aldaketa sozialerako, noski: bizitza eta haren zaintza erdigunean jarriko dituen Estatua behar dugulako. Erronka handiak ditu gure herriak. Horiei aurre egiteko errezetak betikoa izaten segitzen du: nazio bulkada sendo bat bultzatzea, herri aktibazioa, indar metaketa eta estrategia argia. Ziklo berriak ez direlako berez etortzen, eragin egin behar dira.

Hala, jakinarazpen bat eta deialdi bat:

Erronka horiei aurten nola aurre egingo diegun eztabaidatzeko eta plan politikoa erabakitzeko, irailaren 23 goizean, Sortuko kideok Arrasateko Uarkape frontoian bilduko garela jakinarazten dizuegu, VI. Nazio Konferentzian.

Bestetik, dei egiten diogu ezkerrekoa eta abertzalea den komunitateari, irailaren 23an, 17:30ean, Arrasateko Monterron parkean egingo dugun ekitaldira etortzeko.