Iraila eta ikasturte politikoa hastearekin batera, Sorturen Nazio Batzar delegatua egin dugu hilaren 12an, herrietako arduradun politikoekin. Bi gai landu ditugu nagusiki: une politikoari buruzko gogoeta, eta, hori oinarri izanik, 2024-2025 kurtsoko erronka nagusiak. Datozen aste eta hilabeteei begira jartzeko, horietaz hausnartzeko, eta elkarrekin indarrez ekiteko topagunea izan da. Orain, herrietako plangintzak osatu, batzarrak egin eta tokian toki abian jartzeko unea da.
Iragan ikasturtea mugitua bezain emankorra izan da: ezker independentismoa inoizko indartsuen dago, azken hauteskunde zikloan berretsi den moduan. Halaber, udazkenean eta udaberrian izandako askotariko herri mobilizazio jendetsuek ere frogatu dute aldaketaren aldeko herri gogoa badagoela, eta ezker independentismoaren balioek babesa dutela jendartean. Ordea, ezin dugu ahaztu badirela bestelako joerak ere: eskuin muturraren eta haren markoa indartzea, jarrera autoritario eta atzerakoiak, gerra eta ezegonkortasunaren gorakada...
Horregatik guztiagatik, anbizioz bezainbeste arduraz aritzea tokatzen zaigu. Euskal Herriaren burujabetzan urrats bat aurrera egiteko aukera parez pare dugu, besteak beste, lurralde auziaren eztabaida irekia baita espainiar estatuan. Halaber, parez pare dugu gatazkaren konponbide osoan eta, beraz, askapen prozesuan jauzi bat egiteko aukera ere. Baina, neurri berean, atzeranzko mehatxu orori aurre egin behar diegu, balioen eraldaketan indarrak jarriz. Eta jakina, horri guztiari herri gisa heldu behar diogu.
Beraz, ikasturte honetan zeregin argiak ditugu Sortuko militanteok: batetik, herrigintzan lanean jarraitzea, nazio bulkada eta bulkada soziala sustatuz, eta balioen eraldaketan eraginez. Eta bestetik, ezker independentismoa indartzen jarraitzea. Azken horretan, EH Bilduren kongresua izango da ikasturteko mugarri nagusienetako bat.
Aprobetxa dezagun unea independentziaren aldeko indarrak biltzeko, eta askatasunaren aldeko irrintzia hauspotzeko, eskuz esku elkarrekin arituz.