ALBISTEA


nazioartea

Nazio askapen mugimenduen erreferente erraldoia izan(go) da Pepe Mujica

2025-05-13

Atsekabe handiz jaso du Sortuk eta euskal nazio askapen mugimenduak Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiaren heriotzaren berria. Irakaspen ugari utzi dizkigu ezkerreko independentistoi Pepek, besteak beste, gehiengoak eraikitzeari lotuta.

Atsekabe handiz jaso du Sortuk eta euskal nazio askapen mugimenduak Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiaren heriotzaren berria. Gure doluminik sentikorrena bidaltzen diegu Euskal Herritik Lucia Topolansky bidelagun eta emazteari, MLN-Tupamaros mugimenduari, MPPko kideei eta Frente Amplioko lagunei.

Ez dago ezinbestekoa den pertsonarik; bai, ordea, euren ideiak eta legatuak. Mundu zabalean askoren bihotzak hunkitu dituen pertsona izan da Pepe. Bere humanismoak askapen gogoaren bertsio onena eskaini digu. Militante duina eta kontsekuentea. Bere pentsamoldea eta bizimodua modu koherentean garatu ditu, bizitza eta borroka banaezinak izan baitira beretzat. Eta norberaz harago, taldean eta borroka kolektiboan sinetsi duen militantea izan da. Erreferentzia izan den belaunaldi oso baten ordezkari izan da Uruguain.

Gaztetatik askapen nazionalerako eta sozialerako mugimenduarekin bat egin zuen Mujicak, borroka armatuaren bidea hartuta MLN-Tupamarosen. Kide izan zituen Raul Sendic, Eleuterio Fernandez Huidobro, Mauricio Rosencof eta Lucia Topolansky bera bezalako pertsona handiak. Diktadura militarrari aurre egin behar izan zioten, eta garesti ordaindu zuten Pepek eta beste zortzi kidek haien militantzia eta askapenaren aldeko borroka. Hamaika urteko infernua muturreko baldintzetan, bakartuta eta torturapean.

Kartzelatik irtenda, borroka armatua atzean utzi, eta indar metaketaren aldeko estrategian murgildu zen buru-belarri, Movimiento de Participación Popular (MPP) sortuz, eta Frente Amplioren baitan indarrak batuz. Ibilbide instituzional luzearen ondoren, Uruguaiko presidente izatera iritsi zen 2010etik 2015era bitartean. Euskal Herriarekin harreman luzea izan du urteetan, eta garai hartan etorri zen azkenean gure herrira, bere arbasoen berri jasotzera. Hego Amerikan ezkerreko alternatibaren eredu izan da Uruguai Peperen eskutik. Eta duela gutxi, berriro ere haren lekukoa hartu du Yamandu Orsik, hauteskundeak irabazita.

Irakaspen ugari utzi dizkigu ezkerreko independentistoi Pepek, besteak beste, gehiengoak eraikitzeari lotuta. Bere ibilbidean erakutsi digu konbikzioa oinarrizko giltza dela ezinezkoa dirudien horretara hurbildu, eta herri klaseentzako lorpen askatzaileak eskuratzeko. Hark esaten zuenez, ez dago betiko garaipenik, baina beti dago borrokaren bidez askapena lortzeko aukera. Munduak eskuineranzko bihurgunea hartu duen garai honetan, hark etengabe aldarrikatu duen itxaropenari heldu behar diogu, balio eraldatzaile gisa.

Horregatik, Pepe Mujicaren legatua luzaz izango dugu gure artean. Gauza ederrak egingo ditugu elkarrekin. Adiorik ez, lagun.