ALBISTEA


gora herria

Milaka tortura kasuen aitortza exijitzen dugu

2022-02-05

Ekintzaile talde batek torturaren gordina erakutsi du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza-ordearen aurrean, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzeko

Ezinbestekoa da torturaren arduradunen aitortza. Tortura eragin zuten horien aitortza, poliziena zein arduradun politikoena. Ezinbestekoa da tortura hauspotu, isilarazi eta modu batera edo bestera posible egin zuten horien aitortza, izan politikari edo mediku, izan abokatu edo epaile, izan fiskal edo kazetari.

Sortuk torturaren errealitate iluna argitara atera eta aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak aldarrikatzeko ekimena egin du Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza-ordearen eta Polizia komisaldegi baten aurrean. Hilaren 13ko Torturaren Aurkako Egunaren testuinguruan, 30 bat aktibista biluzik agertu dira poltsa beltz batek burua estaltzen ziela. Modu horretan, Sortuk salatu du milaka herritarrek pairatutako oinazea ahazten dutela erakunde publikoek.

Gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduradunak, Haimar Altunak, ardurak eskatu ditu egia osoa argitara ateratzeko. “5.657 euskal herritarrek igaro behar izan dute torturaren atzapar krudeletik. Hala ere inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik egin ez eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman”, adierazi du.

Sortuko kidearen esanetan, “oraindik orain, tortura zuritzen jarraitzen dute; inpunitatea eskaintzen zaie torturaren arduradun politikoei eta torturatu zuten poliziei, Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari”.

“Ezinbestekoa da torturaren arduradunen aitortza. Tortura eragin zuten horien aitortza, poliziena zein arduradun politikoena. Ezinbestekoa da tortura hauspotu, isilarazi eta modu batera edo bestera posible egin zuten horien aitortza, izan politikari edo mediku, izan abokatu edo epaile, izan fiskal edo kazetari. Ezinbestekoa da eragin zuten mina aitortzea. Ezker abertzalea biktima guztien aitortzara bidean urratsak egiten ari da, herri honek elkarbizitza eta askatasun agertoki berri batera aurrera egin dezan. Torturaren eragileek gauza bera egin beharko lukete. Behar-beharrezkoa da torturaren egia argitara eraman eta milaka torturatuek merezi duten aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskuratzea”, esan du Altunak.