Espainiako Auzitegi Nazionalak lehen aldiz onartu du tortura espainiar funtzionarioen aldetik. Iratxe Sorzabalen kasuan onartu du Guardia Zibilak egindako torturen bidez autoinkulpatzera behartu zutela 2001ean atxilotu zutenean eta absolbitu egin behar izan dute. Gogoan izan behar da tortura latzak jasan zituela salatu izan duela behin baino gehiagotan Sorzabalek, besteak beste, humilazio eta irainen bidez, sexu erasoen bidez eta elektrodoak aplikatuz.
Sortuk salatzen du Iratxe Sorzabal autoinkulpazio horietan oinarrituta zigortu izan duela lehenago Auzitegi Nazionalak berak. Kartzela zigorra autoinkulpazio horietan oinarritutako kondenen ondorioz ari da betetzen.
Bestetik, Sortuk gogorarazten du eta salatzen du Euskal Herrian torturaren aplikazioa sistematikoa izan dela Espainiar Estatuaren aldetik hamarkadetan zehar, gatazka politikoaren testuinguruan. Milaka Iratxe daude Euskal Herrian. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak osatutako txosten ofizialen arabera, gutxienez 5.394 pertsona izan dira torturatuak eta jakina da askoz gehiago ere izan direla.
Tortura posible izan da sistemikoa izan delako. Sistema oso bat eraiki da giza eskubideen urraketa larri horren bueltan. Ezikusiarena egin da sistematikoki, ezkutatu egin da sistematikoki. Eragile asko izan dira guzti horren konplize: polizia indarrak, haien arduradun politikoak eta alderdiak, epaileak, mediku forentseak eta komunikabideak, besteak beste.
Sortuk askotan esan duenez, bada garaia torturaren egile eta konplize bakoitzak guzti horren gaineko ardurak hartu ditzan. Tortura aitortu behar da eta erreparaziorako urratsak eman behar dira. Zentzu horretan, torturaren ondorioak ere berrikusi behar dira Sorturen ustez: milaka torturatuei utzi dizkien ondorio psikologikoak batetik eta autoinkulpazioetan oinarrituta ezarritako kondenak ere bai, bestetik. Sortuk desio du Auzitegi Nazionalaren sententzia hau inflexio puntua izatea aitortzaren eta erreparazioaren norabidean.
Azkenik, ez errepikatzeko bermeak ere ezarri behar dira. Tortura sistematikoa posible izan da, estatuaren biolentzia erabateko inpunitatez babestua izan delako hamarkada guzti hauetan. Inpunitate horrekin amaitzea ezinbesteko urratsa da tortura desagerrarazteko bidean.