Anjel Otaegiren eta Jon Paredes Txiki-ren bi belaunalditako senideek memoria, transmisioa eta askotariko aitortza galdegin dituzte, frankistek haien senideak hil zituztela 50 urte bete bezperetan. Agerraldia egin dute gaur, irailak 10, Zarautzen, Sortuko kideekin batera. Hain justu, irailaren 27an, fusilamenduen urteurren egunean, Sortuk ekitaldia egingo du Iruñeko Anaitasunan. Txiki eta Otaegi oroitzearekin batera, 1975ean “ondo lotuta” utzi nahi izan zuten hura askatzeko garaia dela aldarrikatuko du, Euskal Herriaren independentziara bidean.
“Diktadura frankistaren eta injustizien aurka, eta Euskal Herri hobe baten alde egin zuten bi gazte idealista ziren”, adierazi du Anie Paredesek, Txikiren ilobak. Hark eta Irati Urtuzagak, Anjelen lehengusu baten alabak hartu dute hitza, senideen izenean. Bigarren belaunaldiko senideez gain, lehenengokoak ere izan dira: Mikel Paredes, Txikiren anaia, eta Mertxe Urtuzaga, Anjelen lehengusina. “Duela mende erditik gure familiek orbain bana daramate. Orbain gordinak, bortizki fusilatuak izan baitziren biak. Hori, ordea, ez zen irailaren 27 hartan amaitu: bost hamarkadaz fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, askotariko jazarpenak eta urte luzetako ahanztura jasan behar izan ditugu senideok”, gogoratu du Paredesek.
Orbainak ez ezik, memoria eta transmisioa ere izan ditu mintzagai: “Gu jaiotzeko ginen arren, guganaino iritsi dira Jon eta Anjel. Gure familiek, ahanztura horri aurre eginez, nortzuk ziren azaldu izan digute beti: nolakoak ziren, zein ziren beraien ametsak, zeren alde egin zuten borroka… Eta transmisio horrek aurrera jarraituko du”. Adierazi du orbain eta memoria horiek Azpeitiaren, Zarautzen eta Euskal Herriaren parte ere badirela.
Urtuzagak udako gertakariak izan dituzte hizpide: “Izan dira herri ekimenez gure senideei egindako oroimen eta aitortzak, baina baita haien aurkako ekintza eta adierazpenak ere. Harrabotsa sortu du gaiak, eta senideongan ere sentimendu eta oroitzapen ugari piztu dira. Pozak eta minak sentitu ditugu”. Giro horretan, memoriaren eta aitortzaren aldarria egin du: “Ez dugu nahi Txiki eta Otaegi ahanzturan eror daitezen”.
“Orbainak osatzeko beharrezkoa da aitortza; baina ez aitortza herritarra bakarrik, baita aitortza instituzionala, erreparazioa eta justizia ere”. 2012an Eusko Jaurlaritzak indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu zituen Txiki eta Otaegi, Iñigo Urkullu lehendakari zela. Urrats hori, berandu iritsiagatik, familiek esker onez jaso zutela azaldu du Otaegiren senideak, baina azpimarratu du oraindik bide luzea dagoela egiteko, eta horretara dei egin die erakunde eta ordezkari politikoei.
Senideek, beste urte batez, Txiki eta Otaegi oroituko dituzte irailaren 27an: “Geure orbain eta memoriarekin aurrera egin nahi dugulako, baina, batez ere, inor ez baita hiltzen ahazten ez badugu”. Sortuk ere gogoan izango ditu, Iruñeko Anaitasunan 17:30ean egingo duen nazio ekitaldian. Lur Albizu Nazio Kontseiluko kideak nabarmendu du Euskal Herria itotzea zutela xede fusilamendu haiek eta ondorengo gertakariek: “Bi hilabete eskasera, berriro berretsi zen hori, Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoa estatuburu izendatu zutenean, “guztia lotuta, eta ondo lotuta” uzteko xedez”.
1975eko gertakari horien orbainek oraindik bizi-bizirik diraute Euskal Herrian: “Gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak dira”, adierazi du Albizuk. Ordea, baita borrokarako grina ere: “Herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere iritsi da guganaino. Euskal Herria askatzera lotu gara ordutik milaka herritar, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batu”. Eta irailaren 27an, hainbat belaunalditako lotura eta konpromiso hori bera ospatuko dute.
Bestalde, Albizuk salatu du batzuek azken asteotan Txiki eta Otaegiren oroimenarekin agertutako jarrera. “Eusko Jaurlaritzak biktima aitortuagatik, orain haien oroimenak mina eragiten duela adierazi dute zenbaitzuek, argi utziz beste behin lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daudela”. Sorturen iritziz, aitortza, erreparazio eta justiziarako garaia da, memoria osorakoa. “Frankismoari aurre egin zieten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala”.
“Egunotan ikusi dugu, halaber, Euskal Herriak gogoan dituela Txiki eta Otaegi: gogoan duela haien belaunaldiaren izaera ameslari eta borrokalaria. Eta argi duela, baita ere, frankismoak ondo lotuta utzitako korapiloak hor dirauela”. Oroitu du ezker abertzaleak haustura aldarrikatu zuela orduan, eta gaur ere ezinbestekoa duela hori. “50 urte geroago, bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko”.
Guztiarekin, Euskal Herria askatasunaren alde lanean ari diren hainbat belaunaldi eta milaka lagun nazio ekitaldira bertaratzera deitu ditu Albizuk, eta jakinarazi du ekitaldira sartzeko ez dela sarrerarik edo izena eman beharrik egongo. “Euskal Herriaren independentziara bidean, askatzera lotu garenon garaia da!”.