ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Manipulatutako ikuspegi partziala

2021-06-01

Gasteizko Memorialak ez dakar onurarik: gatazkaren ikuspegi partziala ezarri eta gertatutako errealitate garrantzitsuak ahazturara kondenatu nahi ditu.

Ez dugu manipulazio partzialik behar. Bestelako ikuspegiaz eraiki behar dugu elkarbizitza demokratikoa. SORTUk bat egiten du Memoria Osoa sareak zabaldutako mezu eta ekimenekin.

Gasteizen inauguratutako Memorialaren aurkako jarrera adierazten du SORTUk, ez baititu Euskal Herrian gertatutako indarkeria mota ezberdinen ondorioak bere osotasunean jasotzen, era partzialean baizik, eta bete-betean Euskal Herrian eraiki nahi den elkarbizitza demokratikorako esparruaren aurkako tresna bilakatzen baita.

Gasteizen inauguratutako zentroa iraganaren zauria irekita iraunarazteko bitartekoa besterik ez da. Ez da euskal jendarteak behar eta nahi duena etorkizun berri bat eraikitze aldera, izan ere, etorkizuna ezin baita ireki iraganak utzitako guztiaren egia, aitortza, justizia eta erreparaziorik gabe. Azken batean, Gasteizko Memorialak Euskal Herrian gertatutako indarkeriazko errealitatearen atal bat bakarrik jaso du eta berau osotasuna balitz bezala proiektatu.

Memoriala interes politiko zehatzen baitan eraiki da, eta atzean daudenek ez dute inolako borondaterik Euskal Herrian gatazka politikoari eta haren ondorioei irtenbide demokratikoa emateko. Izan ere, ariketa demokratiko integral baten ondorioa zatekeen gure herrian gertatu den guztiaren iturburu politikora jo balute, gatazkak utzi dituen eta uzten ari den ondorio guztien egia eta erreparaziora jo balute eta berriro ez errepikatzeko esparrua eraikitzen saiatu balira. Zoritxarrez, Gasteizko Memorialak ez du era horretako helbururik.

Gasteizko Memorialak ez dakar ezer positiborik euskal jendartearentzat, ikuspegi partziala eskainiko du eta ondorioen errealitate oso garrantzitsua ahanzturara kondenatu nahi du, etengabe zauria elikatuz.

Euskal jendarteak ez du manipulazio partzialik behar. Bestelako ikuspegiaz eraiki behar dugu elkarbizitza demokratikoa. Zentzu horretan, SORTUk bat egiten du Memoria Osoa sareak zabaldutako mezuarekin, Euskal Herrian eman diren giza eskubideen urraketa guztiak jasoko lituzkeen memoria integral baten alde, memoria osoa jasoz eta bizikidetza demokratikoa eraikiz, eta baita antolatzen dituen ekimenekin.