ALBISTEA


nazioartea

Lula livre

2019-04-09

Lulak urtebete egin du preso. SORTUk babesa eta elkartasuna helarazten dio.
Hautetsontzien bidez lortu ez zutena epaitegi bidez lortu zuten. Latinoamerikan gertatzen ari dena Euskal Herrian ere bizi izan dugu, 90eko hamarkadatik alderdiak legez kanpo utzi ez ezik, hautagaiak kartzelatu eta ezgaitu ere egin baitzituzten.

Euskal Herritik gure elkartasunik beroena helarazten diogu Lula da Silva presoari. Era berean, Brasilek bizi duen egoerarekin kezkatuta gaude.

Lularen eta milioika brasildarren eskubide zibil eta politikoak murriztu egin zituzten, gobernu progresista azken urteotan egiten ari zen aldaketak gelditzeko asmoz. Politikaren judizializazioak ahalbidetu zuen Dilma Rousself-en aurkako salaketa edota Lularen kartzelaraztea haren aurkako frogarik gabe. Sergio Moro da macartismo honen sustatzailea, Lula kartzelan sartu zuen epailea, eta egun Bolsonaroren Gobernuko Justizia ministroa da.

Azken batean, dena zegoen bideratuta estrategia garbi baten mesedetan: Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak lehendakaritza eskuratzea. Horretarako, Bolsonaroren kanpaina oldarkorrak mugimendu progresisten aurka jo zuen, ezkerrekoen eta gizarte-mugimenduen aurka (feministak, LGTBI...). Konfrontazio-estrategia horrek gizartea zatitzeaz gain, agresio arrazista, xenofobo eta matxistak eragin ditu, besteak beste, Rio de Janeiroko zinegotzi Marielle Francoren erailketa kasu.

2018ko uztailean, epaitegi federal batek Lula kaleratzeko agindua eman zuen, baina ebazpena ez zen bete, eskualdeko epaitegi federaleko presidenteak erabaki baitzuen kartzelan mantentzea. Esan beharra dago Lularen aurkako epaiketan Sergio Moro epaileak ez zuela inolako delitu-frogarik aurkeztu, baina haien helburua lortu zuten. Hautes-Auzitegi Nagusiaren jurisprudentzia aldatu zuten, Lularen hautagaitza hauteskunde-kanpainan hasi aurretik.

Politikaren judizializazioa elementu nagusi bilakatu da ezkerreko alderdiak eta progresistak gobernuetatik kentzeko. Hautetsontzien bidez lortu ez zutena epaitegi bidez lortu zuten. Latinoamerikan gertatzen ari dena Euskal Herrian ere bizi izan dugu, 90eko hamarkadatik alderdiak legez kanpo utzi ez ezik, hautagaiak kartzelatu eta ezgaitu ere egin baitzituzten.
Aste honetan, Lulak urtebete egingo du preso. Horregatik, SORTUk babesa eta elkartasuna helarazten dio. Era berean, berehala aske uzteko eskatzen dugu.

Horregatik guztiagatik, #lulalivre kanpainarekin bat egiten dugu.

Preso politikoak askatu. Lula askatu!