ALBISTEA


euskal herria

Lehenik herria

2020-03-13

Ez hauteskundeak, ez ekonomia: lehenik herria.

Koronabirusaren larrialdia dela eta, SORTUk hausnarketa erabaki eta deialdi sorta plazaratu du.

Dei egiten diegu instituzioei osasun publikoa kalkulu ekonomikoen aurretik jartzeko

1. SORTUk gizarte osoari dei egiten dio egoeraren larritasunaz kontzientzia har dezan; neurri ezezaguneko osasun-krisi bati aurre egin behar diogu, kapitalismo neoliberalari lotutako zaintza-krisia larriagotzen ari dena, eta krisi ekonomiko-finantzario berri bat eragiten ari dena. Krisi horrek, ziur asko, langileen eta herri-sektoreen lan- eta bizi-baldintzak larriagotuko ditu, baldin eta ez badugu eragozten krisi horren zama gure gain eror dadin.

2. Koronabirusaren osasun-krisia eta krisi sozioekonomikoa ez dira gertaera isolatua, baizik eta gizateria osoak eta gure herri txiki honek aurre egin beharreko krisi eta erronka multzoaren zati bat. Zehazki, kapitalismo basati eta harrapariaren garapenaren ondorioa da: larrialdi klimatikoa, lehengaien kontrolaren ondoriozko gerra geopolitikoak, desoreka ekonomiko handien ondoriozko migrazio masiboak, dualizazioa eta gizarte-prekarizazioa, eskuin muturraren eta autoritarismoaren igoera... edo, urrutira joan gabe Zaldibarren ikusi dugun moduan, hondakinen kudeaketa esku pribatuetan uzten duten politika publikoak, giza- eta ingurumen-tragedia erabat larriak eraginez. Azken batean, gero eta esku gutxiagotan etekinak metatzea bilatzen duen sistemaren enegarren krisiaren aurrean gaude, gero eta jende gehiagori oinarrizkoena kentzen dion bitartean. Bizitzaren aurretik eta gainetik, kapitalak dauka lehentasuna sistema honetan. Beraz, krisi berri honi aurre egitea bezain premiazkoa da bizitza eta bere zaintza erdigunean jarriko dituen eredu sozial eta ekonomiko bat eraikitzen hastea.

3. Une honetan, krisi honek dagoeneko agerian utzi ditu bai burujabetza faltaren ondorioak, bai indarrean dagoen eredu sozial eta ekonomikoaren ondorioak. Oraindik zalantzan dago lehendakariak deitu zituen hauteskundeak atzeratzeko adinako eskumenik duen EAEk ala ez. Bestalde, agerian geratzen ari da ez dugula ezaugarri hauetako krisi bati aurre egiteko beharrezkoa den erabaki politikorako gaitasunik. Adibidez: Eusko Jaurlaritzak edo Nafarroako Gobernuak eremu bateko ikastetxeak ixtea erabaki dezakete, baina ezin dute eremu horietako lantokietan zaintza lanetarako ordaindutako lizentziak ematea erabaki, horretarako eskumena Espainiako Gobernuaren esku dagoelako. Bestalde, koronobirusaren krisia agerian uzten ari da indarrean den eredu sozial eta ekonomiko honen akatsak, gabeziak eta bidegabekeriak, zeinarentzat zaintzak eta erreprodukzio-lana emakumeen kontua baitira; osasunaren pribatizazioa eta merkantilizazioa bultzatzen baitu, haren unibertsaltasunaren, irisgarritasunaren eta kalitatearen kaltetan; globalizazioaren alde egiten baitu, eta eskulan merkearen alde, tokiko ekonomiaren eta kalitatezko enpleguen kaltetan; indibidualismoa eta desegituratze soziala sustatzen ditu, lotura komunitarioen eta kohesio sozialaren kaltetan; eta ez ditu kontuan hartzen langileen beharrak krisiei aurre egiteko orduan.

4. SORTUk dei egiten die EAEko eta Nafarroako gobernuei koronabirusaren aurrerapena geldiarazteko beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzatela, eta berehala har ditzatela, luzamendurik gabe. Egun aplikatzen ari den gradualtasunak amaitu behar du, hau da neurriak ezin dira tantaka hartu,ezin da egoeraren arabera inprobisatu, horren eraginkortasuna erabat mugatua baita. “Premiazko neurri oldarkorrak” behar dira, MOEk gomendatu bezala eta Txinak eta, berandu bada ere, Italiak jada egin duten bezala. Gizartea urruntzeko, isolatzeko eta "zigilatzeko" neurriak behar dira, beraz. Eta neurriok hartu behar da, luzamendurik gabe, garaiz jardutearen eta ez egitearen arteko aldea handiegia izan daitekeelako, dozenaka mila kutsatiu eta ehunka hil daitezkeelako. Inor ez litzateke prezio altu hori ordaintzeko prest egon behar.

Ez hauteskundeak ez ekonomia. Erabateko lehentasuna jendearen osasunak eta bizitzak izan behar dute. Dei egiten diegu instituzioei osasun publikoa kalkulu ekonomikoen aurretik jartzeko: hobe da hauteskunde horiek behingoz atzeratzea horiek ehunka lagun gehiago kutsa ditzaten arrskatzea baino; hobe da mugikortasuna ahalik eta gehien mugatzea, osasun arloko zerbitzuak kolapsatzea baino; hobe da galera ekonomikoak onartzea, nor sendatu eta nor ez, nor biziko den eta nor ez aukeratu behar izatea baino. Lehenik osasuna; lehenik jendea.


Proposatutako neurriak
Dei egiten dugu EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian Mahai Iraunkor bana edo Krisi Kabinete bana artikulatzeko.

Dei egiten dugu EAEn, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian Mahai Iraunkor bana edo Krisi Kabinete bana artikulatzeko. Mahai horiek alderdi politikoek, sindikatuek eta enpresaburuen erakundeek osatu beharko lituzkete eta unean unean egoera ebaluatu eta beharrezkoak diren neurriak hartu beharko lituzkete, koordinatuta eta ahalik eta adostasun zabalenarekin. Halaber dei egiten dugu mahai horiek elkarren artean koordina daitezen krisi honi nazio eta herri erantzuna emate aldera.

-SORTUk botere publikoei dei egiten die neurri horien kostua betikoen bizkar gera ez dadin: izan emakume, izan pentsiodun, langile, autonomo edo enpresari txiki… Gehien dutenek ordaindu behar dute krisi berri hau: elite ekonomiko eta finantzarioak, aberastasun handiek, inbertsio-funtsek, multinazionalek...). Horretarako, besteak beste, neurri hauek proposatzen ditiu SORTUk:
• Osasun publikoaren sarea indartzea. Ospitale pribatuak botere publikoen esku jartzea.
• Ordaindutako lizentziak ematea zaintza lanetarako.
• Aparteko funts bat sortzea, megaproiektu jakin batzuk izozteagatik eta enpresa handien ekarpen berezi batetik etor litekeena. Funts horrek ez die enpresen beharrei bakarrik begiratzen, baizik eta behekoen beharrei ere heltzen die, eta horiek izango dira, beste behin ere, egoera honen kaltetu nagusiak.

SORTUk hartutako neurriak
SORTUk dagoeneko zenbait neurri hartu ditu

SORTUk iragartzen du bere aldetik honako neurri hauek hartu dituela:
• Bere jarduera politikoa behin-behinean etetea.
• Bere liberatuen telelana eta bere egoitza eta egoitza guztiak ixtea.
• Bere kidego eta oinarri soziala tokiko zein osasun alorreko agintarien esku jartzea, bai eta dagoeneko herri eta auzoetan antolatzen ari diren zaintza sareenean ere.

Deia jendarteari
Gure konfiantza agertu nahi dugu gure herriarengan, erronka kolektibo honi arrakastaz erantzungo diola erabat sinetsita.

SORTUk dei egiten dio gizarteari instituzioen ahalmen mugatua ikusita bere kabuz har ditzan birusaren hedapena mugatzea eta norbanakoen zein kolektiboaren osasuna bermatzea ahalbede lezaketen neurriak.

Bukatzeko, gure konfiantza agertu nahi dugu gure herriarengan, erronka kolektibo honi arrakastaz erantzungo diola erabat sinetsita.

Gora herria!