Larunbat goiz honetan, IV. Konferentzia Politikoa egin du SORTUk. Saioa,‘Zer egin?’ lelopean, telematikoa izan da. Alde batetik aurtengo plan politikoa eztabaidatu dute 450 sortukidek. Mundu guztia aldarazi duen gertaera global baten erdian gaudela kontuan hartuta, galdera eta erronka berriei erantzuteko tenorea iritsi zaigun garai berezi honetan, independentismotik modu egokian eragiteko norabide bat erabaki da. Bestetik, pandemiaren eraginez izoztuta gelditu zen SORTUren Kongresu prozesuari berriz heltzeko erabakia hartu dute SORTUko kideek.
Saioaren amaieran, Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak hitza hartu du.
Une gogorrak, oso gogorrak, bizi izan ditugu azken hilabeteetan, 2.000tik gora hildako, dozenaka milaka kutsatu eta, martxa honetan, azken hamarkadetako krisi ekonomiko eta sozial handiena izaten amaituko duena utzi baitizkigu pandemiak. Hori gutxi ez eta, itxura guztien arabera, datozen garaietan ere une gogorrak bizi beharko ditugu, pandemiak oraindik ere luze joko duela ematen baitu, eta aipatu krisi ekonomiko eta soziala herrikide askoren lan eta bizi baldintzak nabarmen okertzen ari delako. Zentzu horretan, gogoan hartu nahi ditugu hilabete hauetan pandemiaren aurkako borrokaren lehen lerroan izan direnak: erizainak, medikuak, kutxazainak, garraiolariak, garbitzaileak, etxez etxeko langileak, irakasleak... Baita ere lana edota etxea galdu dutenak, hilabete amaierara iristeko inoiz baino zailtasun gehiago dituztenak...
Jaiki beharra daukagu, beraz, baina ez orain arteko norabide berdinari eusteko, ez orain arteko politika berdinak egiten jarraitzeko, horiek errotik aldatzeko baizik. Izan ere, ikusi dugu politika horien emaitza zen den: baliabide falta ospitale eta ikastetxeetan, plantilla murriztuak, plantilla prekarioak, zahar egoitzen egoera negargarria, enpresen itxiera, kaleratzeak... Ez, behar duguna ez da normaltasun neoliberalaren berreraikuntza, haren sakoneko eraldaketa bat baizik, norabide berri bat baizik. Zibilizazio berri bat behar dugu, bizitza eta haren zaintza erdian jarriko dituena, ikusia baitago kapitalaren eta irabazi pribatuen logikak agintzen duenean, pribatizatzen eta prekarizatzen denean, eta instituzioek berau zaintzeko ardurari ihes egiten diotenean, bizitzak atzera egiten duela, desagertzen ez denean.
Hala, bada, zerbitzu publikoak indartu behar dira; administrazio publikoaren esku hartzea indartu behar da ekonomikoan; AHT bezalako azpiegitura zalantzagarrien gaineko berehalako moratoria ezarri behar da, eta horietan xahutzen ari diren dirutzak ekonomikoki eta sozialki errentagarriak izango diren inbertsioetara bideratu; behar da sakoneko erreforma fiskala, fiskalitate egiazki progresibo eta bidezko bat ahalbideratuko duena, gehiago dutenek gehiago ordain dezaten, behingoz; behar da lan harremanetarako euskal esparru bat, eta Euskal Herriko langileen estatutua, negoziazio kolektibo justu bat eta lan baldintza duinak finkatuko dituena; eta, noski, behar dugu burujabetza, burujabetza osoa, gizarte gehiengoen zerbitzura jardungo duen errepublika bat, zeren eta batzuk esaten dutenaren kontra, burujabetza ez da bandera kontu bat, ez eta identitate kontu huts bat. Burujabetza lotuta dago pentsioak, lan baldintzak, hezkuntza eredua eta abar luze bat guk geuk erabaki ahal izatearekin eta, horrenbestez, lan eta bizi baldintzak duintzearekin. Burujabetza lotuta dago gure herriak behar dituen trantsizio digitalarekin, trantsizio feministarekin, trantsizio ekologistarekin...; Euskal Herrian benetako demokrazia bat eraiki ahal izatearekin; euskararen eta euskal kulturaren normalkuntza osoarekin; herri eta are gizateri gisa parez pare ditugun erronka global, generazional eta estrategikoei erantzun baikor eta eraginkor bat eman ahal izatearekin. Hitz bitan: burujabetza lotuta dago demokraziarekin, justiziarekin, askatasunarekin eta ongizatearekin.
Bada, testuinguru honetan, lau hauek izango dira lanurte politiko honetan Sorturen erronka nagusiak:
• Pandemiari aurre egin. Egoera sanitarioa kezkagarria da. Pandemiaren lehen olatuan berandu eta gaizki aritu zirenak, berandu eta gaizki ari dira oraingoan ere. Korrika eta presaka egin zuten deseskalatzea eta, hori gutxi balitz, harrezkero ez dituzte hartu behar diren neurriak, egunotan kaleak hartu dituzten irakasle eta osasungintzako langileen protestak eta mobilizazioak lekuko. Egoera ez da, oraindik ez behintzat, martxokoa edota apirilekoa bezain makurra, baina egungo kutsatu eta hildako kopuruak ere ez dira, inondik inora, onargarriak. Egoera honek guztion ardura eskatzen du, beste behin ere: norbanakoena, familiena, komunitatearena eta, bereziki, administrazioarena. Zentzu horretan, ez da onargarria eta ez dugu onartuko egoera sanitarioaren ardura guztia jendearen bizkar gainean jartzea. Are gutxiago kolektibo jakin batzuk kriminalizatzea, hala nola, gazteak, sasoikako langileak... Izan ere, egoeraren okertze nabarmenaren ardura inorena baldin bada, hamarkadetan zehar, politika neoliberalak tarteko, zerbitzu publikoak ahuldu eta berau indartzeko inbertsioak garaiz egin ez dituen administrazioarena baita. Edonola ere, beste behin ere, behekooi dagokigu klase politikoak faltan duen ardurarekin jokatzea, interes partikularren gainetik interes kolektibo eta komunitarioak jartzea, kutsatzeen hedapena ahal bait gehien mugatzeko behar diren neurri guztiak hartzea, elkar zaintzea... Egoera honek behekook kolpatuko baikaitu inor baino gogorrago, eta goikoek ez baitute gure ordez egingo.
• “Pandemia sozial eta ekonomikoari” aurre egin. Sortuko kidegoa krisi sozial eta ekonomikoaren ondorioei eman beharreko erantzunaren lehen lerroan izango da, emakumeekin, pentsionistekin, langileekin, langabeekin, prekarioekin eta, oro har, sektore zaurgarrienekin eskuz esku eta orpoz orpo, neoliberalismoak sustatzen duen indibidualismoaren eta zatiketaren aurrean indarrak artikulatuz, gehiengo sozialen lan eta eskubideen defentsan, ez delako onargarria eta ez dugulako onartuko krisi honen kosteak beste behin ere behekoen bizkar gainean jartzea. Krisi hau ordaindu behar dute goikoek, ordaindu behar du kapitalak, hein handi batean haiek baitira egoera honen erantzuleak, pandemiaren aurrean babesgabe utzi gaituzten politika neoliberal eta pribatizatzaileak sustatu dituzten heinean.
• Preso, iheslari eta deportatu politikoen etxeratze bidean, salbuespenezko legediarekin amaitu. Igor Gonzalezen heriotzaren biharamunean esan genuen eta berriro ere esango dugu: salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu beharra dago. Orain. Euskal gizartearen gehiengo zabalak elkarbizitza eta bakea nahi dituelako, eta ez dagoelako ez elkarbizitzaz ez bakeaz hitz egiterik euskal preso politikoek espetxean segitzen duten bitartean; are gutxiago euskal preso politikoek espetxeetan eta beren senideek errepideetan hiltzen jarraitzen duten bitartean. Euskal gizarteak ez du hitz politik nahi; ekintzak nahi ditu, eta nahi ditu orain.
• EH Bildu indartu. Datorren ekainean EH Bilduk kongresua egingo du. EH Bildu da arestian aipatu erronka generazional eta estrategikoei erantzuteko indarra, talentua eta anbizioa dituen indar politiko bakarra. Horrenbestez, helburua argia da: EH Bildu indartu eta hurrengo urteetan herri honetako instituzio nagusien gobernua eskuratzeko prestatzea. Bada, Sortuko kideok berebiziko ekarpena egingo dugu norabide horretan.
Garai gogorrak bizi ditugu, bai. Nolanahi ere, Pepe Mugicak dio kontua ez dela zenbat aldiz erortzen garen, zenbat aldiz altxatzeko gai garen baizik. Eta gure herriak erakutsi du orain baino lehen ere baduela nahikoa indar, nahikoa talentu, nahikoa gaitasun komunitario eta nahikoa elkartasun egoera zail honetatik ateratzeko; ateratzeko indartuta eta, batez ere, inor atzean utzi gabe. Hori da Sorturen xedea eta horretara bideratuko ditugu indarrak.