ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Konponbidearen aurrerapena galarazteko saiakera

2021-06-30

Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanio Sortuko kideen atxiloketa jarduera politiko zilegi eta legezkoak kriminalizatzeko saiakera bat izan da.

Gaur goizean Guardia Zibilak Pipe San Epifanio eta Kai Saez de Egilaz Sortuko kideak atxilotu ondoren, operazioa salatzeko agerraldia egin du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak prentsaren aurrean. Sortuk bost ideia nabarmendu ditu:

1. Testuingurua. Zein testuingurutan ematen dira atxiloketa hauek? Zein da azken helburua? Katalunian buruzagi independentisten indultuak gauzatu direnean eta Euskal Herrian, behar baino askoz beranduago izan arren, behar baino motelago izan arren, euskal preso politikoen eskubideak errespetatzeko urratsak egiten ari direnean legedia arrunta aplikatzeko eta presoen kaleratzea errazteko, ez da kasualitatea testuinguru horretan gertatzea.Atzo ikusi genuen Kontu Auzitegiaren interbentzio edo kolpe hori independentismoaren kontra. Eta gaur goizean Guardia Zibilaren eskutik gertatu dira bi atxiloketa hauek.

Gure ustez, honek agerian uzten du espainiar Estatuan badirela sektoreak, oso boteretsuak, edozein soluzio politikoren aurka daudenak Katalunia zein Euskal Herrirako, hau da, lanean ari direnak bereziki judikaturan baina baita Estatuaren beste estolda batzuetan ere, galarazte aldera Euskal Herian zein Katalunian gatazka politikoen konponbidearen aurrerapena.

2. Gaurko atxiloketekin, beste behin ere jarduera politiko zilegi eta legalak kriminalizatzen saiatzen ari dira. Adierazpen askatasunaren pean babesa duten jarduera politiko zilegi eta legalak dira, hala adierazi izan du Auzitegi Nazionalak behin baino gehiagotan, eta hala erakutsi duelako joan den astean Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren sententziak, zeinak Tasio Erkiziari arrazoi ematen baitzion eta espainiar Estatua zigortzen baitzuen adierazpen askatasuna urratzeagatik.

3. Gaurko atxiloketen ardura ez da soilik Guardia Zibilarena ez eta Auzitegi Nazionalarena. Gure ustez atxiloketa horietan ere badute ardura. egunak joan eta egunak etorri, preso politikoen ongietorrien kontra mintzatzen diren horiek guztiek. Ongietorri horiek kriminalizatzen dituzten horiek guztiek. Egunak joan, egunak etorri, ezker abertzaleari interpelazio konkretuak eta exijentzia konkretuak egiten dizkioten guzti horiek. Kriminalizazio horiek guztiek baldintzak ereiten dituzte gaurkoa bezalako operazioak egin daitezen eta gaur ezagutu dugun bezalako operazioak egin daitezen. Beraz, ardura eskatu nahi diegu medio eta eragile politiko horiei guztiei. Egunak joan eta egunak etorri, presoen ongietorriak, presoen aldeko lana, presoen defentsa, kriminalizatzen ari diren horiei guztiei.

Ez dezatela elikatu bakearen etsaien agenda. Ez dezazkieten eman erraztasunak gaur lagun hauek atxilotu dituzten horiei. Edo bakearekin gaude edo bakearen etsaiekin.

4. ETAren biolentzia desagertu zen, betiko, gure herritik eta ekuazio politikotik. Duela hamar urte. Baina zoritxarrez estatuaren biolentziak presente segitzen du gure herrian, gaur ikusi dugun hori biolentzia delako, instituzionala, estrukturala, baina biolentzia, azken batean. Horrexegatik, zera galdetzen dugu: noiz desagertu behar du Auzitegi Nazionalak du gure bizitzetatik? Noiz desagertu behar du Guardia Zibilak gure bizitzetatik? Noiz errespetatu behar ditu Estatuak herri honen eskubide kolektiboak, indibidualak eta nazionalak? Noiz? Jarraitu behar dute Guardia Zibila eta Polizia Nazionala bidaltzen gaur ikusi dugun bezala jarduera politiko zilegiak kriminalizatu eta jazartzera? Jarraituko dute bidaltzen Polizia, Katalunian bezalaxe, galaraztera Euskal Herriak edota Kataluniak beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki ahal izan dezaten? Noiz desagertu behar du estatuaren biolentziak gure bizitzetatik?

5. Herri honek aspaldi erabaki zuen bakean bizitzea eta elkarbizitza demokratikoa eraikitzea. Herri honek ez du onartuko, jendarte honek ez du onartuko atzera buelta bat. Ez du onartuko aipatutako sektore horiek herri hau atzera itzularazi nahi izatea.

Trantsizio deituriko hartatik 40 urtera, hemen eztabaida berriro hauxe da: errepresioa amaitu beharra, preso politikoak hemen eta Katalunian askatu beharra, eta herrien eskubide demokratiko eta nazionalak errespetatzeko beharra. Horrek erakusten du beste ezerk baino hobeto garaian trantsizio demokratiko deituriko hartan ez zela hautsi aurreko erregimenarekin, ez zela hautsi frankismoarekin. Zentzu horretan, espainiar Estatuak baditu etxeko lanak, badelako garaia behingoz errespeta dezan herri honen, Kataluniako herriaren eta oro har Estatu espainiarraren mende diren herrien eta nazioen eskubideak.