ALBISTEA


euskal herria

Kolpe erregimenari

2019-03-12

Nafarroako Aldaketa sozial, politiko eta instituzionalak oraindik ez du erregimenaren harresia bota, baina arrakala ireki dio.

Aldaketak Erregimenaren harresian arrakala sortu du, baina harresia botatzeko asko dago egiteko, aldaketa prozesua indartu eta azkartu beharra dago.

SORTUk sakon aztertu du Nafarroako erregimena zer den eta garrantzitsua deritzo Aldaketa zertan den ulertaraztea. Erregimena sare politiko-instituzionalaz harago doan zerbait da. Nafarroako Erregimena sistema juridiko-politiko, ekonomiko, sozial eta kultural bat da, elite espainiarzale atzerakoien nagusitasuna eta Espainiarekiko menpekotasuna posible egiten dituena. Nafarroako Erregimena ez zen modu autonomoan eraiki, are gutxiago era demokratikoan. Trantsizio garaian, nafar elite frankistaren laguntzaz, diktaduran zehar bortxaz inposatutako indar harremanak luzatzeko balio izan du. Erregimena, beraz, ez da inoiz UPN-PSNren gobernu soil bat izan; sistema askoz konplexuagoa da, hanka ezberdinak dituena. Eta horrela ulertu behar dugu, egiturazko aldaketak agendatik kanpo utzi nahi ez baditugu, behintzat.

Azken urteetan Nafarroan irekitako aldaketa instituzionala Erregimena deseraikitzeko eta lurraldea demokratizatzeko urrats nabarmena izan da, baina ez da nahikoa izan Erregimena deseraikitzeko. Erregimenaren harresian arrakala sortu du, baina harresia botatzeko asko dago egiteko, aldaketa prozesua indartu eta azkartu beharra dago.

Larunbatean, 12:00etatik aurrera Berriozarko Musika Eskolan egingo duen ‘Kolpez Kolpe’ ekitaldi nazionalean, irekitako arrakala hori handitzen jarraitzeko konpromisoa berretsiko du SORTUk. Oraindik indarrean den Erregimena bota eta eskubide sozialetan oinarritutako sistema garatzeko, Erregimena kolpatzen segitzeko eskatuko du, herritar guztiok aktibo izanik, bakoitzak bere esparrutik lan eginez: kalean, lan-tokietan edo erakundeetan.

Ekitaldiak ordubeteko iraupena izango du. Besteak beste, Haritz Romeo Nafarroako idazkaria eta Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiak parte hartuko dute.