Mexikok Sortuko bi ordezkari kanporatu zituen 2015ean, Floren Aoiz eta Asier Altuna, Sao Pauloko Forora zihoazenean. Orain, adierazpen batean, Lopez Obradorren Gobernuak aitortu du zilegitasunik gabe kanporatu zituztela eta ‘persona non grata’ izendatu. Aurrerantzean, Sortuko bi kide hauek eta beste 15 lagunek Mexikon sartu eta irteteko aukera izango dute inolako eragozpenik gabe.
Sortuk poza adierazten du Mexikoko Gobernuak eskubide-urraketa aitortu eta erreparatu duelako. Floren Aoizen esanetan, “zilegitasunik gabekoa izan zen gure kanporaketa, erabat arbitrario eta injustua eta Mexikok hala aitortu du jende aurrean, oso eskertzekoa den adierazpen batean. Ez da ohikoa hala arduren onarpena, eta horrek erakusten digu gauzak aldatzen ari direla Mexikon eta Lopez Obradorren gobernuak aro berrian kokatu duela Euskal Herriak hain gertu duen Mexikoko herria. Aukera probestu nahi dugu, beraz, onena opa egiteko Mexikoko herri eta gobernuari”.
“Espero dugu kanporaketaren berria zabaldu zuten komunikabideek adierazpen berri hau ere zabaltzea, sekuentziak argi uzten baitu kriminalizazioaren logika ez dela demokratikoa, eta gobernu demokratikoek, boterera iristen direnean, logika horrekin apurtzen dutela. Bada zer ikasi gertaera honetaz: kriminalizazioa hautu politiko autoritarioa da, erabat osaezina oinarri demokratikoez”, esan du.
Mexikotik deportatutako Sortuko kidearen esanetan, “oroitarazi nahi dugu, dena den, kanporaketa horien atzean, eta oro har, euskal independentismoaren kriminalizazio jardueren atzean, espainiar estatuaren presioak daudela. Mexikok egin duen neurriaren antzekoen zain gaude, beraz, espainiar eta frantses estatuei dagokienez, garaia baita ideia politikoen pertsekuzioari behin betiko bukaera emateko”.