Juan Mari Jauregi militante independentistaren heriotzak samina eragin du ezker abertzalean. Sortuk besarkada sentikorrena helarazten die senide eta lagunei une latz honetan, bai eta Madrilgo Auzitegi Nazionalean une honetan epaitzen ari diren 13/13ko sumarioko kideei ere.
Konponbide demokratikoaren alde apustu egiteagatik, ordainetan infernua besterik ez zion eman Espainiako Erresumak, beste hainbat militanteri bezalaxe: 2010ean, bake nahia oztopatzeko, 13/13 sumarioa abian jarri zuten. Atxilotzean oso modu basatian torturatu zuen Guardia Zibilak Juan Mari, erabateko inpunitatez, bere lekukotzak erakutsi zuen moduan. Garai hartan, orain epaitzen ari diren lagunak lanean ari ziren Euskal Preso Politikoen Kolektiboa agertoki berrira egokitzeko, presoak agertoki hartan eragile aktibo izan zitezen.
Infernu horren zama azken egunera arte pairatu behar izan du Juan Marik: torturak osasuna kaltetu ez ezik sumarioa hamarkada batez luzatzeak oinazea areagotu baino ez zion egin. Juan Mari Estatuaren biolentziaren biktima dugu, eta Estatuak gupidarik gabe eta anker jokatu du berarekin: agertoki demokratiko baten alde jarduteagatik jesarrarazi zuten Auzitegi Nazionalean, ETAren jarduera armatua amaitu eta hamar urtera!
Bakea eta irtenbide demokratiko bat bilatu duten militante politikoen aurkako epaiketa politikoek behingoz amaitu behar dute. Oraindik indarrean den biolentziak, Estatuaren biolentziak, amaitu behar du. Bada garaia. Horregatik, irailaren 12an, 13:30ean Donostiako Bulebarretik irtengo den manifestazioan ezetz esango diogu 13/13 sumarioari. Dei egiten diegu norbanakoei eta gainerako eragileei ankerkeria hau salatu eta mobilizazioan parte har dezaten.
Ez adiorik, Juan Mari!