ALBISTEA


sortu

Jauzi berri bat Ipar Euskal Herriko prozesuan

2021-08-24

Nazio kongresuaren atarian, azken hilabeteetan Ipar Euskal Herriko Sorturen militantzia barne eztabaida batean murgildu da (edukiak ondoko estekan eskuragarriak dira). Bilanaren atalarekin egin dugun moduan, ondoko urteen perspektibaz zenbait gogoeta partekatu nahi genituzke.

Saroia Galarraga eta Xabi Larralde
Ondoko fase politikoaren helburu orokorra auto-eraketa etapa horretan sakontzea izan behar da, Herri Elkargoaren mailan estankatzea ekidinez.

Dokumentua:

Jauzi berri bat Ipar Euskal Herriko Prozesuan. Ezker abertzalearen ekarpena

Geroari begirako perspektibak lantzeko orduan, gure proiektuaren zerumugak bergogoratzea inportantea da. Lehenik eta behin, zer nahi dugu? Ezker Abertzalearen betiko helburu estrategikoak independentzia eta sozialismoa izan dira. Segurrenik, XXI. mende hastapenaren jendarte aldaketa ikaragarriek helburu estrategiko horien eguneratze bat eskatuko digute. Baina egoeraren azterketak, gure DNAaren funtsezko berrespen bat egitera eramaten gaitu: prozesu nazionalak eta eraldaketa sozialak, askapen prozesuaren txanponaren bi aldeak osatzen dituzte. Nazio identitatearen ikuspegik, gure Herriaren biziraupena kolokan daukagu, eta gure nortasunaren defentsarako urrats berriak behar ditugu. Aldi berean, neo-liberalismoaren krisiaren aitzinean, konbentzituak gara ere nazio askapen borroka jendarte zuzen eta solidario baten eraikitzearen beharrari estuki lotua dela.

Bigarren galdera: nola jorratuko dugu bidea? Helburu estrategikoekin batera, Ezker Abertzalearen betiko DNAaren oinarrizko ezaugarria, nazio askapen prozesuaren kontzepzioan finkatzen da. Horri begira, Argalak gauzak oso ongi kokatu zituen mintzaldi batean: “Ez ETAk, ez Herri Batasunak, ez KASek, ezta ere indartsuena den erakunde batek Herri langilearen arazoak ez ditzakete konpondu. Herri langileak soilik bere arazoak konpondu ditzake”. Nazio askapen prozesu baten pausu garrantzitsuak Herriaren indarrez, eta Herriaren aktibaziotik irabazten dira.

Tontorra nun daukagun eta jorratu beharreko bidearen kokapena argiak ditugu. Zein dira orain, nazio askapen prozesuaren gailurrera iristeko markatzen ditugun “oinarrizko kanpamentuak”? Sorturen aitzineko nazio kongresuan, perspektiba nazionala atxikiz, ikuspegi konfederal baten alde kokatu genuen gure burua, EHko egungo hiru eremu administratiboei (EAE, Nafarroa, Ipar Euskal Herria) egokituak zaizkien lan eskemak zehaztuz. Autodeterminazio proiektu bat hiru fase nagusietan garatu daitekeela kontsidera genezake: auto-afirmazioa, auto-eraketa eta autodeterminazioa. Ipar Euskal Herrian, Herri Elkargoaren sortzearekin lurraldetasunaren aitortza finkatzea lortu dugu. Pausu ttikia, baina kualitatiboki inportantea, auto-afirmazio etapa batetik auto-eraketa etapa batean kokatu gaituelako.

Ondoko fase politikoaren helburu orokorra auto-eraketa etapa horretan sakontzea izan behar da, Herri Elkargoaren mailan estankatzea ekidinez. Herri Elkargoaren kudeaketa edo podere hartzearen helburutik haratago, kuadro honen gainditzea bilatu behar dugu. Horri begira, Iparraldearentzat ondoko urrats kualitatiboa estatus berezi bat lortzea izan daiteke, jakinik, estatus “bereziaren” kalifikazio horren peko kuadro instituzionalak askotarikoak direla. Adibidez, autodeterminazio eskubidea erdietsia duen Kanakiaren autonomia, estatus bereziko lurralde kolektibitatea da. Eta gauza batetaz ez dezagun duda: Herriak aitzina egin nahiko duen neurrian, Frantses Estatua parean topatuko dugu. Irudikatzen dugun aldaketa fase berria konfrontazio fasea izanen da.

Fase hori jorratzeko indargunerik garrantzitsuena gure Herriak daukan aktibaziorako gaitasuna da. Azken urteetan, Ipar Euskal Herrian horren irudikapena izan dugu hainbat arlotan: aitortza instituzionalaren alde, presoen alde, euskararen alde, eskubide sozialen alde, etab... Eta egungo egunean ere, pil-pilean dauden mota ezberdinetako borrokek (murgiltze ereduaren alde, lurra-etxebizitzaren espekulazioaren kontra, eremu ekologistan, sindikalean, feminismoan, etorkinen alde...) aldaketa fase baten heldulekurik inportanteena osatzen dutela erakusten digute. Orain, Herriaren aktibazioak Estatuarekilako konfrontazioari begira beharrezkoa duen indar harremana osatzeko, gure ustez, ezkerreko abertzaletasunak gehiengo baten artikulazioan segitzeko xedez eskaintza bikoitza landu beharko luke.

Alde batetik, mobilizaziorako “Herri Agenda” berritu bat, estatus politikoaren aldaketa jomugan, Parise mugiaraztea helburu lukeena. Hortaz, oroitarazi behar da Iparraldeko jendarteak ez duela Herri Elkargo bat eskatu, baizik eta, estatus bereziko Lurralde Kolektibitate bat. Estatus aldaketa irabaztekotan, borroka ezberdinen emaitza izanen da. Baina horrek, ezinbestean, indar metaketa zabal eta anitza eskatzen du abertzaletasunetik haraindikoa, Herri gisa jokatzeko. Hori dela eta, “Herri Agenda” berri baten ideia honela esplizitatu genezake: estatus aldaketaren aldarri komunaren aterkipean gauzatuko litzatekeen borroken osagarritasun esparru antolatu bat bezala.

Bestalde, herrigintzarako ibilbide orri berritu bat marraztu beharko genuke. Iparraldean, nihundiko kuadro instituzionalik gabe urte luzez egon garelako, hainbat alorretan gure tresna propioak eraikitzera behartuak izan gara: ekonomian, hezkuntzan, laborantzan, kulturan... Mobilizazioarekin batera, auto-antolakuntzarako gaitasun hori gure Herriaren aktibazioaren ardatz garrantzitsua izan da. Herri ikuspegi batetik gaitasun hori kapital gaitza da, eta sakondu nahi dugun instituzionalizazio dinamikari begira ez genuke higatzen utzi behar... Aitzitik, fase berria auto-eraketa eta eraldaketa fase gisa ezaugarritzen badugu, herrigintzak funtsezko bigarren heldulekua izaten jarraitu behar duela deritzogu. Are gehiago, bultzatu ditugun herrigintza ekimenak neo-liberalismoaren logikak gainditu nahi dituzten jendarte sektore geroz eta zabalagoentzat alternatiba ulergarri eta erakargarri baten osagaiak bilakatzen ari direlarik.

Ororen buru, gure gogoetatik perspektiba argi bat agerian gelditzen zaigu: ondoko urteetan Ipar Euskal Herrian jauzi berri bat egiteko aukera ederrak ditugu. Perspektiba horri gogoz eta indarrez heldu nahi diogu, ezkerreko abertzaletasunaren sentsibilitate guziekin batera eskatzen duen mugimendu abertzale sendo eta indarberritua eraikitzen jarraikiz.