ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

Jatorri eta kultur aniztasunari herri gisa eta ikuspegi eraldatzailez heltzeko unea da

2025-02-22

Herrigintzako hainbat eremutako 500 lagun bildu dira Andoainen, Plaza Hutsean. Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo politikoa herrigintzatik nola indartu landu dute, jatorri eta kultur aniztasuna gai nagusitzat hartuta.

“Bi lan ditugu: hauspotzen ari diren ildo erreakzionarioak deseraiki, eta ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik marko alternatibo sendo bat eraiki”

Sortuk Plaza Hutsa, herrigintzaren urteroko hitzordua, egin du gaur, otsailak 22, Andoainen. Herrigintzako hainbat esparrutan lanean dabiltzan 500 kide bildu dira. Plaza Hutsa eraberritu dute aurten, Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo politiko berriari herrigintzatik zein ekarpen egin gogoetatzeko. Hala, herri erronka handiak ditugula jakinik, haietako bati heldu diote: jatorri eta kultur aniztasunari. Solasaldi nagusian erronkak euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan zein toki duen jorratu dute. Ostean, bost esparrutatik landu dute gaia: hezkuntza, euskara, inklusioa, sozioekonomia, eta erreakzio autoritarioa eta arrazakeria. Guztiarekin, ideia bat nabarmendu dute: Euskal Herri aske eta solidarioa helburu, baitezpadakoa da jatorri eta kultur aniztasunari arduraz eta herri gisa erantzutea, begirada aurrerakoi eta baikorrarekin egin ere.

Bastero kulturguneko aretoa beteta ekin diote Plaza Hutsari ehunka lagunek. Jatorri eta kultur aniztasuna euskal egitasmo nazionalaren eraikuntzan solasaldi nagusian jorratu dute aurtengo Plaza Hutsaren marko orokorra. Azken bizpahiru urtetan Sortuk gaiaz egindako hausnarketa zabalaren emaitza den Bidaide proposamenaren oinarri nagusiak aletu dituzte Xabi Iraola eta Olatz Egiguren Sortuko herrigintza lantaldeko kideek. Iraolak egungo argazkiaren laburpen bat egin du: “Euskal herritarron jatorriari eta kulturari erreparatuta, inoizko Euskal Herria pluralenean bizi gara”. Egungo migrazioen ezaugarriak ere mahaigaineratu ditu, besteak beste, haien aniztasuna, eta Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko ezberdintasuna.

Euskal Herria goitik behera zeharkatzen duen gaia da erronka da jatorri eta kultur aniztasunarena, nola geografikoki hala eguneroko esparruei dagokienez ere. Eta beraz, ez da gai sektorial bat. Horren jakitun, honako hau nabarmendu du Iraolak: “Euskal Herriaren eraikuntza eta eraldaketa prozesua goitik behera zeharkatu beharko du, eta emango diogun erantzunak egingo gaitu herri gisa”. Eta bide horretan, markoa bera dagoela jokoan: “Bi lan ditugu: hauspotzen ari diren ildo erreakzionarioak deseraiki, eta ikuspegi ezkertiar eta abertzaletik marko alternatibo sendo bat eraiki”. Euskal Herrian agenda erreakzionariotik salbu ez egonagatik, Euskal Herrian izan baden agenda nazional eta eraldatzailea elikatzea eta indartzea beharrezkotzat ikusten du.

Eta horretan ekarpena egiteko, begirada jakin batetik ekin nahi dio Sortuk, Egigurenek azaldu gisan: “Ezker abertzalea gara. Eta guk, nazio ukatu eta zatitua garenaren kontzientziatik, eta herritar guztiok eskubide eta betebehar berak izan behar ditugunaren konbentzimendutik begiratzen diogu errealitate horri; bietatik, eta bietatik batera”. Hala, garaian ezker abertzaleak hartutako posizioak gaurkotasuna duela, eta balio duela azpimarratu du: “XX. mende erdian ezker abertzaleak esan bezala, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro da euskal herritarra. Eskubide eta betebehar berak izango dituzten herritarrez osatutako Euskal Herria dugu helburu”.

Horretarako baina, herritartasunaren korapiloa dugula gogorarazi du, bizi proiektua aukera berdintasunean eta baldintza duinetan eraiki ahal izateari eragiten diona. “Guk, estaturik gabe, ezin dugu paperik eman. Baina, izan bagara, eta komunitate baten parte izateko gonbidapena egin dezakegu”. Horrekin batera, kohesioa ere izan dute mintzagai: kulturartekotasuna ezinbestekotzat dute, betiere, euskara ardatz izanik. Iraolak azpimarratu du euskararen egoeraren erantzuleak, besteak beste, espainiar eta frantziar estatuen legediak direla, eta ez migrazioa. Era berean, burujabetza eta migrazio politika propioak ere galdegin ditu, behar bezalako harrera, inklusio sozioekonomikoa egiteko, eta aniztasuna begirada demokratiko eta aurrerazalearekin kudeatzeko.

Amaitzeko, Egigurenek ezker independentismoaren eginbeharrei heldu die, politika publikoei eta esku hartze komunitarioei arreta jarriz. “Ikuspegi kulturartekoa eta inklusiboa eremu guztietan txertatu behar dugu”. Lau ildo markatu ditu lehentasun moduan: Euskal Herria harrera herri eta pasabide segurua izatea, inklusioa bermatzea, arrazakeriaren kontrako lana eta mugimendua indartzea, eta Euskal Herrira datozen herritarrak euskarara ekartzea. Bide hori jorratzeko konpromisoa berretsi du, baita, horretarako, ezker abertzaleak bere burua berrikustekoa ere.

Erronka bera, bost begirada
“XX. mende erdian ezker abertzaleak esan bezala, Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro da euskal herritarra. Eskubide eta betebehar berak izango dituzten herritarrez osatutako Euskal Herria dugu helburu”

Solasaldi nagusiaren ostean, beste bost azpi-solasaldi egin dituzte Andoainen bildutakoek. Hezkuntzakoan, Marta Domenech Educacio 360 Kataluniako aliantza proiektuko koordinatzaileak haien proiektuaren berri eman du. Harekin batera, Gasteizko Alde Zaharreko aisialdiko auzo proiektu baten esperientzia aurkeztu du Aitor Andak; eta Maialen Ezkerrak, Altzako institutuko zuzendariak, berriz, hezkuntza formalean jatorri eta kultur aniztasunari nola heldu landu du, euskara ardatz izanik. Euskarari lotutako solasaldian, Eguzki Urteagak, Cira Crespok eta Aize Otañok hartu dute hitza. Euskal Herri kulturaniztun eta eleaniztunaz aritu dira, tartean, kolonialismoak desagerrarazitako hizkuntza eta kulturetako herritarren eta euskal herritarron arteko aliantzez.

Inklusioaren solasaldian, esparru publikoetako eta komunitarioetako hainbat esperientzia landu dituzte Itsaso Lekuonak (Hernaniko udal zinegotzia), Fatima Fernandez Bousebtaouik (Amher elkarteko kidea) Txekun Lopez de Aberasturik (Euskal Herria 11 kolore eta Jaki Toki biltegiko kidea) eta Denis Causilek (Jaki Toki biltegiko kidea). ‘Ekonomigrazioa’ solasaldian, migrazio prozesuen arrazoi eta ondorio ekonomikoak xehatu dituzte Juan Hernandezek (OMALko kidea), Arkaitz Fullaondok (EHUko irakaslea) eta Txefi Rocok (LABeko idazkaritza antirrazistako arduraduna). Azkenik, erreakzio autoritario eta arrazakeriaren solasaldian, horiei nazio askapen mugimendutik aurre nola egin landu dute Julud El Outmanik (Ernaiko kidea), Nayua Jatri Aduhk (ekintzaile antirrazista) eta Andoni Olariagak (Iratzarreko kidea).