Sortu migrazioaz eta jatorri eta kultur aniztasunaz hausnartzen ari da, berau euskal egitasmo nazionalean aukera gisa barneratzeko xedez. Hilabeteetako prozesua darama aurrera, eta gaur, maiatzak 25, larunbata, gaiari buruzko tailer irekia egin dute 70 kidek Donostian. Hausnarketaren oinarriak lantzeaz gain, hainbat ertzi erreparatu diote solasaldietan: dekolonitateari, kulturartekotasunari eta esperientzia zehatzei. Guztietan ere honako ideia hauek nabarmendu dituzte: Euskal Herriak harrera herria izan behar du; bazterkeria eta arrazakeria borrokatu behar dira; elkarrekin bizitzea eta Euskal Herrian elkarrekin eraikitzea funtsezkoa da; geure buruak berrikusi behar ditugu.
“Jatorriari eta kulturari erreparatuta, inoizko Euskal Herri pluralenean bizi gara. Gaindegiak argitaratutako datuen arabera, 2018an Euskal Herri osoko populazioaren %28,5 Euskal Herritik kanpo jaioa zen”, azalduz ekin dio Xabi Iraola Sorturen Herrigintzako arduradunak azalpenari. Horrek bultzatu du, besteak beste, Sortu hausnarketa abiatzera: “Egungo migrazioek ezaugarri berriak dituzte. Eta nahitaez erantzun berriak beharko dituzten galdera berriak dakartzate”. Begirada jakin batetik ekin diote gogoetari: “Mendebaldean dagoen eta estaturik ez duen nazio baten begirada izan behar dugu”.
Halaber, Iraolak nabarmendu du ezin dela ahaztu nazio horrek hizkuntza eta kultura gutxituak dituela. Hori zuzenki lotuta dago kulturartekotasunarekin: “Euskal Herrian kulturartekotasuna euskararen ardaztasunetik ulertu behar da. Euskarak espazio eta posizio berriak irabazteko erronkaren baitan aukera gisa”. Haren iritzi, euskara hizkuntzen arteko harremanetarako zubi izan daiteke. Erronka horrekin batera, bada beste bat ere: “Euskal Herrira etorri diren eta etorriko diren herritarrak askapen prozesura batzeko bideak aurkitu behar ditugu”. Horretarako, proiektuak berak zapalkuntzarik gabeko Euskal Herri askea eraikitzeko eskaintza izatea ezinbestekoa dela deritzo.
ISPILUAREN AURREAN JARRIZ
Sortuko kideak esan duenez, azkenaldian munduko ezker zein eskuineko zenbait mugimenduk jarrera autoritarioa eta erreakzionarioa erakutsi dute. Horren aurrean, ezinbestekoa iritzi dio ikuspegi eraikitzailea izateari; gogoratu du norbanako eta eragile ugari hortik ari direla lanean hainbat eremutan. Orain, lan hori biderkatzeko eta zabaltzeko ordua da, honako oinarri hauekin: Euskal Herriak harrera herria izan behar du, igarobide zein helmuga izan; bazterkeria eta arrazakeria borrokatu behar dira; Euskal Herrian elkarrekin bizitzea eta hura elkarrekin eraikitzea funtsezkoa da, askotariko segregazioei aurre eginez. Eta etxeko lan bat ere badute ezkertiar eta abertzaleek: “Geure buruak berrikusi behar ditugu”. Horretarako, patriarkatuak nola, ikuspegi mendebaldarrak ere zeharkatzen gaituela onartu behar da.
Hausnarketa orokorraren oinarriak partekatu ostean, bestelako gaiak landu dituzte hiru solasalditan. Lehenengoan, dekolonitatea Euskal Herritik irakurtzeari, Onintza Odriozola EHUko irakaslearen, Floren Aoiz Iratzar Fundazioko zuzendariaren, eta Amaia Zufia Bilgune Feministako kidearen eskutik. Bigarrenean, kulturartekotasuna izan du hizpide Arkaitz Fullaondo EHUko irakasleak. Eta azkenekoan, esperientzia zehatzetan sakondu dute Joseba Gines EH Bilduko Aniztasunaren idazkaritzako arduradunak, Maialen Zuazo UEMAko teknikariak, eta Eñaut Aramendi LABeko kideak.