Koronabirusak eta pandemiak berak eragindako krisiak erabat baldintzatu dute SORTUk larunbat honetan egingo duen IV. Konferentzia Politikoa. ‘Zer egin?’ lelopean, datozen hilabeteetan krisia eta ziurgabetasuna nagusi direla kontuan hartuta, norabide sendo bat hartzeko balioko du Konferentziak.
Berez, aurten, kurtso hasierarako ez zegoen Konferentzia Politikorik aurreikusita, azarora bitartean Kongresu prozesu betean murgilduta baitzegoen SORTU, baina pandemiak zapuztu egin zuen ariketa kolektibo osoa. Horrenbestez, ekainaren 20an telematikoki egin zen Batzar Nazionalak Kongresu prozesua izoztea erabaki zuen.
Larunbateko Konferentzia Politikoa dena den, ez da aurreko urteetakoa modukoa izango. Formatua erabat ezberdina izango da. Aurrekoetan, Iruñeko Refena kurtso hasierako elkargune eta eztabaidagune erreferentziazkoa bilakatzen ari zen SORTUko kideen artean. Aurten, ezinbestean, saioak telematikoa izan beharko du.
Kurtso honetarako plan politikoa eztabaidatuko du SORTUren militantziak, mundu guztia aldarazi duen gertaera global baten erdian gaudela kontuan hartuta. Izan ere, bizi dugun testuinguruak zuzen-zuzenean eragingo dio Konferentziako edukiari. Independentismotik modu egokian eragiteaz eztabaidatuko dugu, beraz, galdera eta erronka berriei erantzuteko tenorea iritsi zaigun garai berezi honetan.
Horrez gain, Kongresu prozesuari berriz heldu eta 2022eko urtarrilaren 22an amaitzea proposatuko du zuzendaritzak.
Saio telematiko honetan militante gehienek etxetik parte hartuko dute. Hainbat herri eta auzotako militanteek elkarrekin jarraituko dute Konferentzia areto edo elkarteetatik, talde txikietan beti ere, pandemia saihesteko aforo, distantzia eta segurtasun neurri guztiak betez.
Saioa 10:00etan hasiko da eta 12:00ak aldera amaitzea espero da Arkaitz Rodriguez idazkari nagusiaren hitzaldiarekin.