ALBISTEA


ekonomia eta bizi baldintzak

Itzali argiak!

2021-10-07

Bihar argiak itzaliko ditugu Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko indar independentistekin batera, oligopolio elektrikoaren lapurreta salatzeko eta burujabetza eskatzeko. Mobilizazioari esker gelditu genuen Lemoiz gelditzea. Soilik horrela lortuko dugu enpresa energetikoen mehatxua gelditzea.

Oligopolio elektrikoaren lapurretaren aurka protestatzeko, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko indar politiko independentistek bihar gauerako antolatu duten itzalaldian parte hartzeko deia egiten du SORTUk. Era berean, kazeroladan eta herriz herri antolatu diren mobilizazioetan parte hartzeko dei ere egiten dugu.

Itzalaldiarekin bat eginez, enpresa elektrikoen hainbat lokalen aurrean kartelak jarri ditugu, “Lapurrak” leloarekin. Zumeta, Ameztoy eta Arrastalu margolariek 80ko hamarkadan eginiko “Lemoiz gelditu” margolana berreskuratu dugu eta haien aurrean paratu. Izan ere, mobilizazioari esker herri honek lortu zuen Lemoiz gelditzea. Soilik horrela lortuko dugu enpresa energetikoen mehatxua gelditzea.

Orain dela lau hamarkada herri honen borrokak eta determinazioak geldiarazi zuen sektore energetikoen asmorik preziatuena: euskal kostaldea zentral nuklearrez betetzea. Orain Estatuko talde eta sektore subiranistekin batera, gehiago gara indarra egiteko.

Guztion artean lapurreta hau gelditu behar dugu, energiaren sektorea esku publikotan egon dadin, ez elite finantzario ase-ezin baten esku. Hori da burujabetza izatea. Era berean, burujabetza beharra nabarmentzen dugu, energiaren sektorea esku publikotan egon ahal izateko.