ALBISTEA


sortu

Irailaren 27ko Iruñeko nazio ekitaldira dei eginez itxi dugu 8. Nazio Konferentzia

2025-06-24

IV. Kongresua urtebete aurreratzeko erabakia hartu dute Sortuko kideek larunbateko Nazio Batzarrean, askapen prozesuaren egungo fase politikoak eskatzen duen eraginkortasuna bilatzeko.

Sortuk ikasturte amaieran ohikoa duen 8. Nazio Konferentzia egin du egunotan, ekainak 27 eta 28, Abadiñon. Amaitu berri den ikasturtearen balantze politikoa egin dute bertaratutakoek larunbateko Nazio Batzarrean, baita datozen hilabeteetako erronka nagusiak zehaztu ere. Ostiralean, berriz, 1975eko urte seinalatu hartatik mende erdia igaro dela oroituz, Euskal Herriaren askapen prozesua izan dute hizpide, Iratzar Fundazioaren solasaldietan. Testuinguru horretan, irailaren 27an Iruñeko Anaitasunan 17:30ean egingo duen nazio ekitaldira deitu du Sortuk: “Ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko momentua da, Euskal Herriaren independentziara bidean”.

Dozenaka lagun bildu dira bi egunez Abadiñon, Sorturen ikasturteko hitzordu nagusienetakoan, Nazio Konferentzian. Larunbateko Nazio Batzarra izan da hausnarketa eta eztabaida politikorako gune nagusia. Bertan, hauteskunde ziklo luzearen osteko ikasturteaz gogoetatu dute, besteak beste, estatus politikoen eztabaidak eta nazioarteko egoera gatazkatsu bezain ezegonkorrak ezaugarritua. Eta, oro har, ikasturte oparoa izan dela ondorioztatu dute. Balantze horretatik abiatuta, aurrera begira ere jarri dira, datozen hilabeteetako erronka nagusiak zehazteko.

Eztabaidarako espazioaz gain, solasaldi eskaintza ere izan da ostiralean, Iratzar Fundazioaren eskutik. Urte hasieratik lantzen ari den ‘Askatzera lotuak’ egitasmoaren bueltakoak izan dira: aurten 50 urte bete dira Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela, baita Franco hil, eta Juan Carlos Borboikoa haren oinordeko izendatu zutela ere. Urteurren horretatik abiatuta, askapen prozesuari so egin diote, baita ezker abertzalearen ibilbideari, euskaldunaren barbarizazioari, transmisioaren korapiloei, eta askapen prozesuaren soinu bandari ere.

Kongresua aurreratzeko erabakia

Nazio Batzarrean bi ebazpen onartu dituzte Sortuko kideek: batetik, Sorturen IV. Kongresua urtebete aurreratzeko erabakia hartu dute, askapen prozesuaren fase politiko berriak eskatzen duen eraginkortasuna bilatzeko. Hala, udazkenean kongresu prozesua egin, eta datorren urtearen hasiera aldera amaituko dute. Bestetik, Sozialismorako Euskal Bidea ebazpena onartu dute; ikasturte honetan landu duten gogoetaren oinarria berretsi, eta bertan zehaztutako norabide estrategikoaren arabera jardungo dutela ebatzi dute.