ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Irailak 27

2021-09-27

Haimar Altuna Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidearen adierazpenak Txiki eta Otaegiren fusilatzeen 46. urteurrenean.

"Euskal Herria bihotzean, independentzia!" lelopean gaur arratsaldean egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Haimar Altunak

Haimar Altuna SORTUko Nazio Kontseiluko kidearen adierazpenak, Zarauzko hilerrian;

“Nuarbetik, Anjel Otaegiren hilobia bisitatzetik etorri berri gara Zarautzera, Txiki Paredes ehortzita dagoen hilerri honetara, Ahaztuak-ek egindako deialdiari erantzunez.

“Egun seinalatu honetan, Txiki eta Otaegi oroitzen ari gara, nola ez, baina era berean 1936tik gaur arte Euskal Herrian bakea eta askatasuna lortzeko ahaleginean bizitza galdu duten herrikideak oroitu nahi ditugu. Nondik gatozen oroitzea behar-beharrezkoa zaigulako.

“Eskubide guztiak, biktima guztiak, memoria guztiak. Bizikidetzan aurrera egiteko ezinbesteko printzipioa da. Soilik errelato inklusibo batetik eraiki ahal izango dugu elkarbizitza demokratikoa Euskal Herrian. Horrexegatik da garrantzitsua erantzukizunez jokatzea, faxismoari eta faxismoa ezartzen ari den agendari bizkar emanez, horrek ondorio latzak dakartzalako. Eta horri buruz zerbait badakigu hemen gaudenok”.

Horrez gain, SORTUk gaur arratsalderako mobilizazioak antolatu ditu Euskal Herriko herri eta auzoetan, "Euskal Herria bihotzean, independentzia!" lelopean. Berauetan parte hartzeko deia egin du Haimar Altunak.