Planeta kolapsora gerturatzen ari den heinean, gero eta adostasun zabalagoa eratzen ari da jendartean trantsizio ekologikoari lehenbailehen modu serioan heltzeko beharraren inguruan. Okerra litzateke, baina, larrialdira ekarri gaituzten politika berberekin jarraitzea. Izan ere, sistema kapitalistak eragin du klima-larrialdia beste hainbat desorekarekin batera. Ez da zentzuzkoena, beraz, krisi klimatikoaren aurkako bandera astindu eta aldi berean karbono isuriak areagotuko dituzten proiektuak sustatzea.
Ingurumenari eragiten dizkioten egitasmoek gero eta kezka handiagoa sortzen dute mundu osoan. Euskal Herrian ere zentral nuklearren, AHTaren edota errauskailuen aurkako oposizioa handia izan da, eta oraintsu Zaldibarko ezbeharrak jendearen egonezina eta haserrea piztu du, hondakin industrialak diru-gosez den sare klientelar baten esku nahierara utzi direlako eta horrek ondorio larriak ekarri dituelako. Horrekin batera, ikusten ari gara azken hilabeteetan ingurumenari lotutako hainbat egitasmok interpelatu egiten gaituztela: Aroztegiak, turismo ereduari eta lurralde-antolaketari buruz; eukaliptoen hedapen azkarrak Gipuzkoa eta Bizkaian, baso-politikari buruz; Caparrosoko behitegi erraldoiak, elikagaien kalitateari eta abereen ongizateari buruz; Subillanako gas-proiektuak, trantsizio energetikoari buruz.
Bistan da trantsizio ekologikoari heltzeko proposamen antikapitalistak behar direla. Erronka globala bada ere, erabaki lokalak behar-beharrezkoak dira. Horretarako estatu-tresnak behar ditugu, hemen erabakitzeko eta hemendik kudeatzeko trantsizio ekologikorako euskal herritarron ekimenak.
Trantsizio ekologikoak herri-eztabaida sakonak eragingo ditu energia-, produkzio- eta kontsumo-ereduari buruz. Horiei serio heldu behar diegu. Trantsizioa gauzatzeko, sektore estrategikoetan inbertsio publikoak ezinbestekoak izango dira, eta langileek zein herri-sektoreek lidergotza hartu beharko dute ezinbestean, trantsizioa gehiengoaren interesen mesedetan egin dadin. Horrekin batera, trantsizioarekin bat etorriko den erreforma fiskalaren eztabaidari ekin beharko zaio.
Gure iparrorratza da karbono isurietan neutroa izango den Euskal Herri batera abiatzea. Gainera, iraunkortasunaren eta ingurumenaren alde esperientzia ugari metatu ditugu azken hamarkadetan (kontsumo taldeak, borroka antinuklearra, AHTaren aurkakoa, energia berriztagarrien aldeko kooperatibismoa, hondakinen bilketa selektiboa...). Trantsizio ekologikorako eztabaidak eta dinamikak herri-ikuspegiz sustatuko ditugu.