Gaur, irailak 29, igandea, Sortuk nazio ekitaldia egin du Azpeitiko Soreasu antzokian. Ehunka kide bildu dira Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 49. urteurrenaren karietara eginiko ekitaldian. Ezker abertzalearentzat seinalatua den 1975eko irailaren 27ko urtemuga gogoratu dute. Halaber, aurrera begira ere jarri dira, momentua aprobetxatzearen garrantziaz jabetuz: utopiaren bandera eskuan, inor bazterrean utziko ez duen Euskal Herri aske bat eraikitzeko engaiamendua adierazi dute, borroka antifaxista eta abertzalea uztartuz.
Oihana San Vicente Sorturen nazio kontseiluko kideak hitzartze politikoa egin du ekitaldiaren amaieran. Txiki, Otaegi eta haien belaunaldia izan ditu gogoan. Haien irrintzia Euskal Herriaren luze-zabalean entzuten dela adierazi du, ezker independentismoaren egungo indarrari erreferentzia eginez: “Herri honen askatasun egarria itotzen saiatu ziren; ez zuten lortu; ez dute inoiz lortu. Gaur, hemen gaude, zutik, inoiz baino indartsuago, eta gure azken helburuetatik inoiz baino hurbilago”. Hain justu, ‘Irrintzi bat dabil’ leloarekin landu du Sortuk aurten irailaren 27a, Telesforo Monzonek idatzitako Batasuna kantuari tiraka.
San Vicentek frankismoaren osteko garaiari ere so egin dio, eta ezker abertzaleak une bakoitzeko egoera politikoa ondo irakurtzen asmatu izan duela esan du: “Hasieran 78ko erregimenaren iruzurra guk bakarrik salatzen bagenuen ere, gaur, herri honen gehiengoak, Kataluniako herritarren gehiengoak, eta estatuko gero eta sektore sozial zabalagoek partekatzen dute”. Hori borrokari esker lortu dela gehitu du, baita egungo aukerak ere: “Orain, Euskal Herriaren nazio izaera aitortu eta gure burujabetza maila handitzeko aukera leihoa parez pare dugu irekita. Momentua eta aukera aprobetxatu beharra dago”. Horretarako, herria aktibatzea, mobilizatzea, eta indarrek norabide berean eragitea funtsezkoa izango dela nabarmendu du.
Txiki eta Otaegiz gain, haien garaiko irakurketen gaurkotasuna ere izan du hizpide, zehazki, askatasun nazionala eta soziala uztartzearena. “Kapitalismoaren ondoriozko garai historikoan, helduleku falta, ziurgabetasuna eta zaurgarritasuna garaiaren ezaugarri bilakatu dira”. Horren aurrean, utopiaren bandera altxatzera dei egin du: “Kapitalismoa borrokatu behar dugu. Aberastasunaren banaketan eta justizia sozialean oinarritutako alternatiba delako gurea. Euskal Herri independentea nahi eta behar dugu, nazioa garelako, herria garelako, eta euskal herritarrontzako bizitza hobeak eraiki nahi ditugulako”.
Bandera antifaxista eta abertzalea altxatzeaz ere mintzatu da, ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakadaren aurrean: “Faxismoak etsai bihurtzen ditu pertsona arrazializatuak, emakumeak, gorputz disidenteak, pobreak, euskaldunak... Txiki eta Otaegi nola, abertzaleak gara, antifaxistak garelako, eta antifaxistak gara, abertzaleak garelako. Euskal Herriaren askatasunaren aldeko borroka hartu zuten zapalkuntza eta injustizia ororekin amaitzeko bide gisa, eta hala egiten dugu guk ere”. Argi aldarrikatu du: “Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi eta lan egiten duen oro. Guk guztiekin egin nahi dugu bidea, guztiekin borroka, guztiekin erabaki eta aske izan. Denontzako herria eraiki nahi dugu, eta horretarako ere behar dugu burujabetza”.
Taxio Ardanaz artista iruindarrak sortu du aurtengo irailaren 27rako kartela, eta esku irekiak ageri dira bertan: “Borroka, ukabil itxiak bezainbeste, badira esku irekiak ere: eskuzabaltasunarenak, apaltasunarenak, lanarenak, babesarenak...”, azaldu zuen Sortuk nazio ekitaldia iragartzerakoan. Balio horiek mantenduz, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute ezker abertzaleko kideek Azpeitiko ekitaldian, 1975eko irailaren 27ko fusilamendu haien mende erdia bete aurreko urtean. Baita, halaber, herenegun, irailak 27, Euskal Herri osoko 50 herri baino gehiagotan egindako mobilizazioetan ere.