Sorturen urteko mugarri nagusietako bat da konferentzia; datozen hilabeteetako erronka politikoez hausnartzeko, eta horiei nola ekin erabakitzeko hitzordua. Gaur, irailak 23, VI. Nazio Konferentzia egin du Arrasateko Uarkape frontoian. Ehunka kide bildu dira bertan, eta pasa den ikasturteko balantzea eta Plan Politikoa berretsi dituzte. Ikasturte amaieran egin ohi du antolakundeak konferentzia, baina uztailaren 23an Espainiako hauteskundeak izanik, ikasturte hasierara atzeratu zuten.
Hain zuzen, uztailaren 23ko hauteskundeen osteko Espainiako estatuko momentu politikoaren garrantzia nabarmendu du Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak konferentziaren amaierako hitzartzean. Batetik, gehiengo progresista eta plurinazionaleko indar politiko orok dituen etxeko lanak aipatu ditu: “Herri gehiengoaren mandatuari erantzunez, erronka eta ardura ditugu gobernu eta legealdi aurrerakoi bat posible egiteko”. Bestetik, herri akordioa izan du hizpide: “Euskal indar politiko, sozial eta sindikalok herri akordio zabal bat josteko erronka eta ardura ditugu, egoera honek inoiz baino gehiago eskatzen baitu Madrilen aurrean herri gisa eta ahots bakar batekin aritzea”.
Iragan lan urtea “emankorra” izan da Rodriguezen arabera: batetik, hiru hamarraldi luzez euskal preso politikoen eta haien gertukoen eskubideak urratu dituen urrunketa eta sakabanaketa politikarekin amaitzea lortu dela gogoratu du. Bigarrenik, Espainiako bloke erreakzionarioa gelditzea eta, gauzak ondo-bidean, aukera leihoa zabalik mantentzea. Haatik, horrekin ez dela nahikoa nabarmendu du, “ezkerreko politikak egin behar dira”. Eta hirugarrenik, hauteskundeak aipatu ditu: “Iragan berri den hauteskunde zikloan, ezkertiar subiranistok inoizko emaitzarik onenak eskuratu ditugu ipar eta hego Euskal Herrian eta, modu horretan, herri honetako indar nagusi bilakatzeko aukera esku-eskura dugu”.
Balantze horretatik abiatuta, lau erronka nagusi nabarmendu ditu Rodriguezek datozen hilabeteetarako; tartean, eredu sozio-ekonomikoaren errotikako eraldaketa: “Zibilizazio berri bat behar dugu, bizitza eta haren zaintza erdian jarriko dituena, sinpleki, egun indarrean den sistema ekonomiko eta soziala, kapitalismo patriarkala, bizitza beraren iraunkortasuna kolokan jartzen ari delako”. Utopiaren bandera altxatzera dei egin du.
Burujabetzaren bidean aurrera egitea da bigarren erronka. Eta, horretarako, gehiengo aurrerakoien erronkez eta Euskal Herriko akordio zabalen beharraz gain, Espainiako Gobernuaz ere aritu da: “Balizko gobernu aurrerakoi batek, erronka, ardura eta aukera historikoa ditu arazo espainiarrari soluzio demokratiko bat emateko. Eta, bai, ongi diot, arazo espainiarra. Arazoa ez da Euskal Herria; arazoa ez da Katalunia, ez eta Katalunia ere: arazoa da bere aniztasun nazionala errekonozitzeko eta demokratikoki kudeatzeko gai ez den estatu bat”.
Hirugarrenik, EH Bildu eta EH Bai are gehiago indartzeko erronka adierazi du Rodriguezek. “Burujabetzaren erronkak, baita herri honek parez pare dituen gainerako erronkek ere gehiengo eta lidergo berri bat eskatzen dute. Gehiengo berri bat subiranista eta aurrerakoia. Eta lidergo berri bat ezkerreko subiranismoaren eskutik baino etor ez daitekeena”.
Azkenik, nazio bulkada berria sustatzeaz aritu da Sortuko idazkari nagusia, indar soziala ezinbestekoa dela azpimarratuz: “Sortuko kideok EH Bildu eta EH Bai bezainbeste indartu eta sustatuko ditugu langile mugimendua, mugimendu feminista, gazte mugimendua, mugimendu ekologista, euskalgintza, hezkuntza mugimendua edota pentsiodunen borroka”. Norabide horretan, datozen hilabeteetako hiru hitzordu nagusi aipatu ditu: Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitutako manifestazio nazionala; mugimendu feministak azaroaren 30erako deitutako greba feminista orokorra; eta EH Bilduk heldu den azaroaren 18rako Bilbon deitu duen manifestazio nazionala.