ALBISTEA


borroka feminista

Indarkeria matxista errotik erauzten

2020-11-24

Beste eredu sozial baten alde ari garela esaten dugunean, indarkeria matxistarik gabeko eredu bat nahi dugula esaten ari gara.

Badakigu indarkeria sotil hauek gure baitan ezarriak ere baditugula, eta horregatik determinazioz ezarri diogu gure buruei ere, horiek identifikatu eta horiei aurre hartzeko, ikuspegi feminista batetik helduz, deseraikitze ariketa indibidual naiz kolektiboak garatuko ditugula.

Covid 19ak are eta argiago erakutsi digu gaur egungo eredu kapitalista patriarkalak bizitza bera arriskuan jarri eta interes ekonomiko finantzieroak lehenesten dituela; bizitza duina eta honen zaintza erdigunean jarri baino, indarkeria, jazarpena eta esplotazioa indartzen dituela.

Azken hilabeteek oso agerian utzi digute sexuen arteko lan banaketan oinarritzen den sistema perbertso honen ondorioak zein diren. Lehendik ere egoera zailean zeudenak are eta egoera zailagoan kokatu ditu, bortitzak ziren egoerak are eta bortitzago bihurtu dira orain. Emakumeok pairatzen dugun indarkeria ekonomikoa ageri agerian geratu da, besteak beste, zaintza lanek bizi ahal izateko duten garrantzia ikusezin mantentzeaz harago, baloratu ere egiten ez direnez, zaintza lanetan dabiltzan emakume migratu nahiz razializatuak esplotatuak dira, erresidentzietan edo eta ospitaletan lanean dabiltzan zaintzaileak lan baldintza prekarioetan dabiltza... etab luze bat gehitu genezake. Zaintza lanak pribatizatzeaz gain prekarizatu ere egiten dituzte eta lan hauetan dabiltzan emakumeak esplotaziora eta prekarizaziora kondenatzen. Emakumeon emantzipazioa eragozten duen errealitate hau biluzik azaldu zaigu parean, pobreziak are eta emakume aurpegi handiagoa du orain eta pandemia garaian emakumeek pairatutako indarkeria sexistak gora egin duela erakusten dute datuek.

Azaroaren 25ean, Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunean kalera ateratzeko arrazoiak inoiz baino handiagoak ere badira beraz, beste eredu sozial baten alde ari garela esaten dugunean, indarkeria matxistarik gabeko eredu bat nahi dugula ere esaten ari garelako.

Jakin badakigu indarkeria matxistarik gabeko etorkizun bat lortzeko, egiturazkoa eta sistemikoa den errealitate hau, gure bizitzetako esparru guztiak bustitzen dituen indarkeria matxista erroetatik erautsi beste erremediorik ez dugula. Eta hori izugarrizko erronka da, iceberg-aren puntan kokatzen diren indarkeriei aurre egiteaz gain, hauek sostengatu eta erreproduzitzea posible egiten dituzten eta erro erroan kokatzen diren, indarkeria sotil guztiei aurre egin eta aurre hartzea eskatzen baitu. Kontziente gara indarkeria sotil hauek gure baitan ezarriak ere baditugula, eta horregatik determinazioz ezarri diogu gure buruei ere, hauek identifikatu eta hauei aurre hartzeko, ikuspegi feminista batetik helduz, deseraikitze ariketa indibidual naiz kolektiboak garatuko ditugula. Hori da gure buruarekiko hartzen dugun konpromisoa eta egin nahi dugun ekarpena, gure buruei ezarri diogun erronka: indarkeria matxista errotik erauzten jarraitzeko erabakia.

Eta horregatik ere aterako gara aurtengo azaroaren 25ean kalera, Euskal Herriko mugimendu feministak deitu dituen mobilizazioekin bat egin eta indarkeria ekonomikotik hasi eta erailketetararteko tartean kokatzen den errealitate horri aurre eginez eta aurre hartuz, indarkeria matxistarik gabeko etorkizun bat nahi dugula borrokatzera. Bete ditzagun kaleak!