Sortuk herrietako arduradun politikoak bildu ditu ekainaren 22ko Nazio Batzar delegatuan; 150 kide inguru bildu dira orotara. Ikasturte itxiera aurreikusi gabekoa izan da: maiatzaren 28ko hauteskundeen biharamunean, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetara deitu zuen Pedro Sanchezek uztailaren 23rako. Horrek, jakina, ezker independentismoaren eta Sorturen plangintza politikoan eragin zuzena izan du. Egokitzapenak partekatu eta aurrera begira jarri gara, hauteskunde erronkari ilusioz, arduraz eta indartsu ekiteko.
Ezker independentismoak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu maiatzaren 28ko udal, foru eta Nafarroako parlamenturako hauteskundeetan, aurreikuspenik onenak ere gaindituta. Horrek ezkerreko independentismoak azken hamar urteotan plantan ezarritako estrategiaren eraginkortasuna berretsi du, eta ziklo aldaketa baten atarian egon gaitezkeenaren hipotesia indartu du. Ezker independentismoak herri honetako instituzio gorenak ere goberna ditzakeenaren ideia gero eta hedatuagoa dago.
Egingo genuela esan genuen maiatzaren 28aren bezperetan, eta egin dugu. Orain, berriro egitea dagokigu: udal eta foru hauteskundeek islatutako ziklo aldaketari, martxan den aldaketa politiko eta sozialari, azken batean, beste bultzada bat emateko aukera dugu parez pare. Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan asko du jokoan ezker independentismoak, baina, bereziki, asko du jokoan Euskal Herriak. Eta guk argi daukagu: bizitzaren alde egingo dugu kapitalaren aurrean; demokraziaren alde egingo dugu autoritarismoaren aurrean; eskubideen alde egingo dugu eskuineranzko bideen aurrean; Euskal Herriaren burujabetzaren alde egingo dugu mehatxu zentralizatzaileen aurrean.
Ezker independentismoa inoiz baino indartsuago dago uztailaren 23ko hauteskundeen atarian. Berriro ere, bloke erreakzionarioa gelditu eta lau urteotan Madrilen egindako lanari segida ematea dagokigu. Ez baita aski bloke erreakzionarioa gelditzea; ezkerreko politikak egin beharra dago. Areago, ezkerreko politikak egitea da bloke erreakzionarioa ahultzeko modurik onena, eta, lau urteotan erakutsi bezala, EH Bildu horretarako berme bakarra. Bada, horretarako, duela hilabete erakutsitako ilusioa eta anbizioa biderkatzera goaz, eta Hego Euskal Herriko lehen indarra izateko helburuarekin helduko diogu kanpainari. Horretarako, beste behin ere, Sortuko kideok gure indar militantea EH Bildura eta hauteskunde erronkari erantzutera bideratuko ditugu. Jarrai dezagun independentziarako indarra biltzen.
Berriro egingo dugu! Gora EH Bildu! Gora Herria!