Frantziako Tourreko lehen hiru etapak Euskal Herrian hasi eta amaituko dira aurten. Hori aprobetxatuz, Gure Eskuk ikurrinak errepidera ateratzera deitu du 'Basques decide, Euskal Herriak erabaki' dinamikarekin, Euskal Herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta erabakitzeko eskubidea duela aldarrikatzeko. Inoiz egin den ikurrinik handiena ere osatuko du, herritarren ekarpenei esker.
Lehen etapa uztailaren 1ean izango da, eta Bilbon hasi eta amaituko da; bigarrena, Gasteiztik Donostiara bitartean jokatuko da; eta hirugarrena, Zornotzatik Baionara. Azken horretan Tourrak Ipar eta Hego Euskal Herriak gurutzatuko ditu, Bidasoa zeharkatuz. Han, ibaiaren bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakutsiko dugu. Bosgarren etapan ere egingo du sartu-irtena lasterketak Euskal Herrian, Zuberoa zeharkatuko baitu.
Euskal Herria nortasun propioa duen eta bere burua gobernatu nahi duen herri bat da, txirrindularitza gustuko duena eta hori guztia harrotasunez bizi duena. Halaber, burujabetza osoa behar du, erronka globalei erantzuteko. Beraz, aprobetxa dezagun lasterketak emango digun ikusgaitasun hori Euskal Herria munduan erakusteko: errepideetara ikurrinekin ateraz eta hemen erabakitzeko eskubidea duen herri bat badela erakutsiz munduari.