Orain dela 40 urte espainiar estatuaren aginduz Jose Migel Beñaran Ordeñana ‘Argala’ hil zuten leku berean, Angeluko Dous-Bos parkean, oroimen ekitaldia egin du SORTUk. Bertan Jose Manuel Pagoaga Peixotok eta Kizkitza Gil de San Vicentek hartu dute hitza.
Kizkitza Gil de San Vicenteren esanetan, denborak ez dira horrenbeste aldatu. “Kapitalismoak berritasunak kontsumo-kontzeptu bilakatu baditu ere, gaur egun teoriak egun batetik bestera aldatzen badira ere, guk esan dezakegu orain dela 40 urte genuen egoerarekin alderatuta, Euskal Herriko egoera soziala kontraesan berberek zeharkatzen dutela, eta, ondorioz, Euskal Herriaren askapen prozesuak ezaugarri antzekoekin egin behar duela aurrera”.
“Estatuek eta sistemak amnesia kolektibo bat sortu nahi badute ere, guk esan dezakegu hemen badagoela herri bat Estatu izateko ibilbideari begiratzen diona; hemen badagoela populu bat, justizia sozialean oinarritutako jendarte bat eraiki nahi duena; eta hemen, berriz, badagoela elite politiko eta ekonomiko bat egungo estatus politikoari eutsi nahi diona. Horren aurrean, ezker abertzaleak garbi ikusten du soilik demokraziaren eta burujabetzaren aldeko ibilbideak ekarriko duela justizia soziala eta emantzipazio prozesuan urrats determinanteak. Horregatik, 40 urte pasa badira ere, esan dezakegu argiki Argalak egiten zituen teorizazioak eta hausnarketak gaur egun oraindik badirela estrategiak artikulatzeko iturburu oso-oso inportantea”, adierazi du.
“Hemendik, zuek izandako ausardia eta berritasun gaitasuna izango dugu guk. Zuek erakutsitako ausardia eta determinazioa izango dugu guk. Eta hori da estrategia aldaketarekin egiten ari garena. Denborak esango du eta Euskal Herriak eta hurrengo belaunaldiek esango dute orain gu esaten ari garena ea benetakoa den”.
Gil de San Vicenteren esanetan, ezker abertzaleak asmatu zuen orain dela 40 urte egin zuen analisian. “Ea hurrengo belaunaldiek gauza bera esaten duen. Ea esaten duten aldaketa estrategikoa bultzatzen ari den ezker abertzaleak asmatu zuela eta herri hau estatu izateko norabidean jarri zuela”.
Bestalde, Peixotok gogora ekarri du Argala hil zuteneko unea. Horretarako Alfonso Sastrek atzerrian zuen semeari hilketa kontatu zioneko pasartea erabili du. “Alfonsok krimen honen berri bere semeari ematerakoan esaldi bakar bat jarri zuen Telegraman: ‘Nos han descabezado’, ‘burua moztu digute’. Alfonsoren ahoan ‘digute’ hitzak esanahi berezia du; hemen gaudenontzat, zer esanik ez”, azaldu du.