ALBISTEA


sortu

Herrigintzaren bueltan, kideak saretzen hasi gara

2022-11-17

Ezker abertzaleko komunitatearen potentzialtasuna, jakinduria eta esperientzia kolektibo guztia artikulatu nahi dugu independentzia eta askapen prozesuaren mesedetan.

Sortu zenbait aldaketa organizatibo gauzatzen ari da, azken Kongresuan erabakitakoa aintzat hartuz. Askapen prozesuan aurrera egiteko, herrigintza indartsu bat izatea erabaki genuen eta horretarako ezinbestekoa da antolaketa alorrean aldaketa eraginkorrak egitea.

Ezker abertzaleko militante gehien-gehienak herriari emanak dira; herrigintzako hainbat esparrutan dihardute buru-belarri. Hortaz, Herrigaia Ponentziak jasotako sei ildo estrategikoen baitan saretzeko aukera izango dute militante guztiek.

Baina nola gauzatuko dira aldaketok? Nola eragingo diete militanteei? Kongresura arte, nagusiki bi figura nagusi egon dira Sortun: sortzaileak (afiliatuak, kuota ordaintzen dutenak kasu gehienetan) eta partehartukideak (inskribatutakoak, kuotarik gabekoak).

Aurrerantzean, partehartukideen figura desagertu egingo denez, guztiei eskainiko zaie sarekide egiteko. Alegia, Sortzaile izan gabe ere, bakoitzak gutxienez sare batean izena eman dezan eskatuko die Sortuk. Horrela, gure komunitatearen potentzialtasuna, jakinduria eta esperientzia kolektibo guztia artikulatu nahi dugu independentzia eta askapen prozesuaren mesedetan. Hauexek dira sei sareak: ekologia, feminismoa, euskara, lan- eta bizi-baldintzak, migrazioa-antirrazismoa eta hezkuntza. Beherago zehaztuko dugu zertan datzan sare bakoitza.

Herrigaiak zazpigarren sare bat eratzea ere aurrikusi zuen, herrigintza eraldatzailearena, baina sare itxi gisa ari da lanean, ekonomia sozial eraldatzailearen bueltan egun dabilen jendea antolatuz. Beraz, zazpigarren sare honetan izena emateko aukerarik ez dago modu ireki batean.

Horrez gain, beste aukera bat ere badute militanteek: aktibista egitea. Sortuk bere aldarrikapenetarako, ohiko mobilizazio eta propaganda bitartekoez gain, dinamika aktibistak egin ohi ditu. Herri aldarrikapenak indartzeko eta ekarpen kualitatiboa egiteko ekimen baketsuak dira, ikusgarritasuna eta inpaktua bilatzen dutenak.

Laburbilduz, orain arte inskribatuta egon direnek aurrerantzean gutxienez sare batean egon beharko dute. Bestela aktibista gisa ere eman dezakete izena. Kasu horietan guztietan ez lirateke sortzaile, baina Sortuk antolatutako hainbat dinamikatan parte hartuko dute. Sortzaile egiteko aukera ere zabalik uzten zaie.

Eta zer gertatuko da partehartukideren batek sareren batean izena emango ez balu? Kasu horretan, partehartu.sortu.eus plataformako sarbidea galduko luke. Halere, bi hiletik behin Sortu.info buletina jasoko luke hala nahiko balu, Sortuk egiten duenari buruzko informazioa jasotzeko.

SAREAK BANAN-BANAN

Ez dugu sare bakoitza aipatu gabe utzi nahi. Hona hemen bakoitzaren ezaugarri eta helburuak:

Ekologia-sarea:

Kapitalismoak Lur planetaren muga biofisikoak kolapsoaren amildegi ertzera eraman ditu, bizitza bera arrisku larrian jarriz. Krisi ekologikoari eta larrialdi klimatikoari Euskal Herritik erantzuna eman behar zaio. Euskal Herrian mugimendu ekologista bultzatzeko xede duen sarea da hau.

Feminismo-sarea:_

Askapen prozesua erabatekoa izan dadin ezinbestekoa da emakumeen* eta, oro har, sistema kapistalista heteropatriarkal eta kolonialak zapaltzen duen pertsona ororen emantzipazioaren alde borrokatzea. Sare honen xedea tokian tokiko mugimendu feminista indartzen laguntzea eta zaintza lanen kolektibizazioaren aldarrikapena indartzea da.

Euskara-sarea:

Euskara da Euskal Herriaren nazio-hizkuntza. 50eko hamarkadan euskararen berreskurapenari bultzada itzela eman zitzaion. Aurrepausoak handiak izan dira baina euskalduntze-aroa agortze bidean nabari da eta erronka berriak ekarri dizkigu kultur-globalizazioak. Bultzada berria behar da. Sare honen xedea da euskalduntze fase berriak behar duen mugimendu arnasberritua artikulatzen laguntzea. Tokian toki dinamika euskaltzale berriak sortu eta indartzen laguntzea.

Lan- eta bizi-baldintzak sarea:

Sistema kapitalista patriarkala esplotazioan oinarritutako sistema da, historikoki eta iraunkorki krisi ekonomikoak eragiten dituena. Prekarietatea, ezegonkortasuna, etorkizun duinerako espektatiba falta eta ondorioz, pobrezian dauden herritarren kopurua handitzen ari da. Sare honen xedea borroka horiek indartzea eta sustatzea da, burujabetzaren beharra erdigunean duen trantsizio proposamena eginez.

Migratzaileen eskubideen aldeko eta arrazakeriaren kontrako sarea:

Gizakion historia migrazio-historia da eta gurea ere migrazio-prozesuak bizitako pertsona ezberdinez osatutako herria da. Geroz eta gehiago dira beren sorlekuak utzi eta migrazioaren bidea hartzen duten pertsonak, pobreziatik, gerratik, sexu eta identitate jazarpenetik edo klima larrialditik ihesi bizimodu hobe baten bila; mendeetako praktika kolonialaren ondorio dira. Datozen urteetan, migrazio fluxuek gora egingo dute. Sare honen xedea xenofobia eta arrazakeriaren kontrako mugimendua Euskal Herria erreferentzia izanda artikulatzen laguntzea da. Horrekin batera, migrazioak, migratzaileekin batera, protagonismoa areagotzea askapen-mugimenduan.

Hezkuntza-sarea:

Euskal herritarrok ez daukagu Euskal Herriaren errealitate linguistiko, kultural eta sozioekonomikoen beharrei erantzuteko hezkuntza sistema eredurik. Gure herrian dauzkagun hezkuntza sistemak Frantzia eta Espainiako estatuen legedien menpekoak dira. Ikasle guztien eskubide oro bermatuko duen eta euskalduna, feminista, herritarra eta burujabea izango den hezkuntza-sistema eraikitzeko pausoa azkartu beharrean gaude, besteak beste egungo eredua sortzen ari den askotariko arrakalak gainditze bidean jartzeko. Sare honen xedea tokiz toki herri hezitzaileak antolatzen laguntzea, euskal hezkuntza prozesua berdintasunaren eta ekitatearen aldeko borrokarekin lotuz.

EMAN IZENA

Oraindik sarekide ez bazara, garaiz zaude izena emateko. Nola? partehartu.sortu.eus webgunean sartuz eta izena emanez. Elika dezagun estrategia independentista herrigintzatik, elika dezagun herrigintza estrategia independentistatik. Izan zaitez independentziarako indarra.