Sorturen IV. Kongresu prozesua abian da, eta gaur, urriak 22, 'Herri gogoa' aurkeztu dugu, Nazio Kontseiluak proposatutako ponentzia. Orain, bertako edukiak oinarri izanik, eztabaidari ekingo diogu auzo, herri eta eskualdeetan, azaroaren 29ra arte. Bitarte horretan egingo ditugu herrietako batzarrak zein ponentziaren zuzenketak. Orotara, 130 herri batzar baino gehiago egingo ditugu Euskal Herriko hainbat txokotan, datozen urteotako bide-orria guztion artean marrazteko. Epe hori igarota, zuzenketen memoria abenduaren 11n argitaratuko da. Abenduaren 26tik 28ra bozkatuko ditugu zuzenketak, eta behin betiko emaitzak abenduaren 29an egongo dira eskuragarri.
Ekainaren 28an, Sorturen IV. Kongresua aurreratzeko erabakia hartu genuen Sortuko kideok 8. Nazio Konferentzian, askapen prozesuaren egungo fase politikorako egonkortasuna bilatzeko helburuz: "Hego Euskal Herrian 2027ko udaberrian Udal eta Foru Hauteskundeak izango direla aintzat hartuta, 2027ko urtarrilean egitekoak ginen Sorturen IV. Kongresua aurreratzea erabakitzeko aski arrazoi badela ondorioztatzen dugu". Ondoren, irailaren 11n Donostian egindako Nazio Batzarrean onartu genituen kronograma eta Kongresurako Berme Batzordea (Berme Batzordearekin harremanetan jartzeko, kongresua@sortu.eus helbidera idatzi behar da).
Urte berriarekin batera, urtarrilean abiatuko dugu Zuzendaritzaren, Berme Batzordearen eta Kontu Batzordearen hautaketa fasea. Urtarrilaren 7an aurkeztuko da Nazio Kontseilurako kideen proposamena, eta hilaren 23ra arte iraungo du hautaketa faseak. Azkenik, urtarrilaren 24an itxiko da IV. Kongresu prozesua, Irungo Ficoban egingo dugun itxiera ekitaldian.
Kongresuan parte hartu ahal izango dugu eskubide osoko kide gisa (zuzenketak aurkeztu, hautagaia izan edo hautagaiak proposatu, eta boto eskubidea izan) deialdia egiten den unean gutxienez sei hilabeteko antzinatasuna duten eta kuotaren ordainketa egunean dugun sortzaile guztiok. Alegia, 2025eko otsailaren 28a baino lehenagotik sortzaileak garenok, egun hori barne. Kongresu prozesurako, albiste, bozketa zein bestelako edozein kudeaketarako kongresua.sortu.eus ataria erabiliko dugu.