Sorturen Nazio Kontseiluak Nazio Idazkaritzarako hamabost kidez osatutako hautagaitza plurala aurkeztu du. Herri gogoa ponentziak zehazten dituen ardurak betetzeko proposatutako taldea askotariko belaunaldiek osatzen dute, eta inoizko orekatuena da generoari eta herrialdeei dagokienez. Bederatzi azken Nazio Idazkaritzako kideak dira, eta beste seiak berriak, ikasle zein gazte mugimenduetan militatzen hasitakoak. Proposamen horrekin, Euskal Herria eraikitzeko begirada ezberdinak bildu eta josi asmo ditu Sortuk, nola ezker abertzaleko ibilbide militantean metatutako esperientziarena, hala ziklo politiko berrian ezker abertzaleko antolakunde eta borroka sozialetatik eratorritakoena.
Belaunaldiartekotasunarekin batera, beste oreka batzuk ere badira Nazio Kontseiluak zuzendaritzarako proposatutako hautagaitzan. Generoari dagokionez, zortzi emakumek eta zazpi gizonek osatzen dute. Herrialdeen kasuan, honako hau banaketa: bost gipuzkoar, lau bizkaitar, hiru nafar, bi arabar eta lapurtar bat. Kopuru horiek herrialde bakoitzeko Sortuko afiliatuen kopuruekin bat datoz. Adinari dagokionez, berriz, 35 urtez azpikoak dira hamabost kideetatik sei, eta 39,4 urtekoa da taldearen adin media.
Xabi Iraola da datozen urteetarako Sorturen norabidea gidatzeko proposatzen den Koordinatzaile Nagusia. Iraola Sorturen Herrigintzako idazkaria da egun, 2021etik. Nazioa, kultura eta hizkuntza ditu bizigai, herrigintza eta belaunaldiarteko jarduna dira haren ibilbidearen oinarriak, eta arnas luzeko gogoetan oinarritutako politikak ardazten du bere begirada. Lehen Hezkuntzako irakaslea da ikasketaz, eta ‘Subiranotasuna Europako herrietan’ graduondokoa du. Igeldoarra da, eta herrian eta gazte antolakundean abiatu zuen bere ibilbide militantea, oso gaztetatik. Orain ere herriari estuki lotuta jarraitzen du. Horren ondorioz, ezker abertzaleak berezko duen herrigintza izan du militantzia eskola, baita belaunaldiartekotasuna ere. Gipuzkoako idazkaritzako kidea izan zen aurrez, herrigintzako ardurarekin han ere, eta duela lau urte, Pello Otxandianoren eskutik lekukoa hartzean heldu zion egun duen ardurari, harekin eta beste hainbat kiderekin urteetako bide emankorra egin ondoren.
Urte bukaeran babes zabalarekin onartu zuten sortzaileek Herri gogoa ponentzia. Hilabeteetan militantziaren artean eztabaidatutako eta osotutako bide-orriak mugimendu izaera indartzeko apustua egiten du: «Gure ekarpen behinena askotariko dinamika erreal eta eraginkorretan egitea ahalbidetuko dugu». Hala, herri gogoa pizteko gai izango den «eskala handiko nazio bulkada bat» martxan jartzeko ardura euren gain hartu dutela adierazi dute. Bestetik, munduaren luze-zabalean zein espainiar eta frantziar estatuetan indartzen ari diren autoritarismoaren eta eskuin muturraren kontrakarrean, Euskal Herrian eraldaketa sozial eta politikoa posible dela azpimarratu dute, Euskal Herriak oinarrian dituen balio antifaxista eta demokratikoak medio. Azkenik, herritarrek ezkerreko independentismoari eskainitako konfiantza eta arduraz jabetuta, EH Bildu eta EH Bai are gehiago indartzeko apustua berretsi dute ponentzia honekin.
Nazio Kontseiluak bere hautagaitza aurkeztuta, hautagaitza alternatiboak aurkezteko aldia irekiko da bihar, urtarrilaren 14ra arte. Hilaren 20an publikatuko dira behin betiko hautagaitzak, eta 21tik 23ra bozkatuko dituzte sortzaileek. Urtarrilaren 24an amaituko dute Sorturen IV. kongresu prozesua, Irungo Ficoban egingo duten batzar-ekitaldian. Hilabeteetako prozesua ixteko eguna izango da, eta bertan aurkeztuko dituzte datozen urteetarako Sorturen bide-orria eta berau gidatzeko zuzendaritza berria. Bertaratzeko izen ematea zabalik dago dagoeneko www.kongresua.sortu.eus atarian.