ALBISTEA


nazioartea

Hemen da 'Munduari so', Iratzarren urteroko irakurketa geopolitikoa

2025-01-14

Urtero legez, Iratzar Fundazioak munduko egoera geopolitikoari erreparatu dio, eta 2024ko 'Munduari so' liburuxkan jaso du analisia. Aurtengoan, 'Trantsizio geopolitiko luzea bezain bortitza' izenburua jarri dio.

Iratzar Fundazioak munduko egoera geopolitikoaren azterketa jaso du 2024ko 'Munduari so' liburuxkan. 'Trantsizio geopolitiko luzea bezain bortitza' izenburuarekin, besteak beste, nazioarteko ezegonkortasunari eta hegemoniagatiko lehiari erreferentzia eginez. 2023koaren ildo beretik doa 2024ko irakurketa ere, sarreran aipatzen den moduan, orduko joerak areagotzen ari baitira.

Aurtengo analisiak nazioarteko ordenaren kaosari, AEBen hegemonia galerari, eta nazioarteko agertoki bortitzari so egin die lehenik. Jarraian, sei ikusmiratan jarri du arreta: demokrazia liberalaren higaduran, NBEren gainbeheran, green politiken Europako atzerakadan, migrazio politiketan, BRICSean, eta Sirian.

Analisiaren amaieran, gure iparrorratza markatzen duten hainbat gogoeta jaso ditu Iratzar Fundazioak: burujabetzaren beharra; elkarrizketa, negoziaketa eta autodeterminaziorako eskubidea; demokrazian sakontzeko premia; trantsizio ekosozialari ekiteko apustua; migrazio politika eta bide seguruen urgentzia; eta lehia geopolitiko horrek Euskal Herrian duen eragina kontuan izanik, borroka antimilitarista, feminista, eta herri eta klase zapalduena barnebilduko dituen borroka internazionalista.