ALBISTEA


demokrazia eta erabakitzeko eskubidea

Hautesontzien prezioa

2019-10-14

Kataluniako politikariei ezarritako espetxe-zigor altuak Espainiako Estatuak sakonean duen arazoa areagotu baino ez du egiten.

Espainiaren batasuna bermatzeko, Estatuak errepresio eta indarkeria politikoa darabil, auzia termino demokratikoetan kokatu gabe.

Beste behin ere, indarkeriaz erantzun dio Espainiako Erresumak Kataluniako auziari, politikari subiranistei kartzela zigor luzeak ezarrita. 9 eta 12 urte arteko kartzela zigorra da autodeterminazio eskubideari eta boto kutxak jartzeari ipini dion prezioa.

Sententzia honek Estatuak sakonean duen arazoa areagotu baino ez du egiten, ez baita gai berau osatzen duten herrientzako eskaintza demokratikorik eskaintzeko. Espainiaren batasuna bermatzeko, errepresio eta indarkeria politikoa darabil, auzia termino demokratikoetan kokatu gabe. Horrek, ezinbestean, Estatuaren lurralde-krisia larriagotu egiten du.

SORTUk bat egiten du Gure Esku mugimenduak gaur arratsalderako antolatutako mobilizazioekin, eta Ernaik hilaren 17ko eguerdirako deitu dituenarekin. Horiez gain, Kataluniari elkartasuna agertzeko eta sententzia hau salatzeko antola daitezkeen mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten du.