Termino kuantitatiboetan, EH Bilduk lortutako emaitza historikoa da. Eskuratutako 347.000 bozkak ezkerreko independentismoak sekula eskuratutako bozka kopuru handiena da. 347.000 bozka horiek 2011n Amaiurrek eskuratutakoak baino 14.000 bozka gehiago dira. EH Bilduk duela hiru urte eskas espainiar hauteskundeetan eskuratutakoak baino 170.000 gehiago. Ezkerreko independentismoak inoizko bozka kopuru handiena eskuratu du, halaber, bai Araban, bai Gasteizen, bai Bilbon, bai Nafarroan, bai Iruñean, bai Errenterian, baita beste hamarnaka herritan ere. Hori da mahai gainean jarri behar den lehen ideia. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez aldarrikatu beharrekoa.
Bestalde, EH Bildu lehen indar munizipalista gisa kontsolidatu da bai Hego Euskal Herrian, bai Nafarroan, bai Gipuzkoan. Orotara, 1.247 hautetsi eskuratu ditu. Halaber, EH Bildu lehen indarra da gehiengo osoen eta erlatiboei dagokienez: 99 eta 27, hurrenez hurren. Eta hori orube paregabea da aldaketa politiko eta soziala, Euskal Errepublikaren eraikuntza, behetik eta ezkerretik sustatzen jarraitzeko, ezagun baita botere munizipalaren eta udalgintzaren baliagarritasuna eta potentziala nazio eraikuntza eta gizartearen eraldaketa sakona sustatzeko.
Azkenik, Europar hauteskundeei dagokienez, EH Bilduk ERCrekin, BNGrekin eta estatuko beste herri batzuetako ezkerreko subiranistekin egin duen koalizioak 1.257.000 bozka eta 3 ordezkari eskuratu ditu (EH bilduk 1), aspaldi honetan sustatzen ari garen espainiar estatuko herrietako ezkerreko subiranisten aliantzaren indarra eta birtualitatea berretsiz.
Emaitza kuantitatibo paregabe horiek ez dira itzuli jomuga genituen helburu kualitatiboetan: partida oraindik amaitu ez bada ere, litekeena da aldaketak Nafarroa eta Iruñea galtzea, eta, azken asteetan hartarako espektatibak sortu arren, ez ditugu eskuratu ez Gasteiz ez Gipuzkoa. Hori hala da, eta hala onartu beharra dago. Aitzitik, eta hau garrantzitsua da, hori ez da gertatu ezkerreko independentismoak etxeko lanak egin ez dituelako, beste arrazoi batzuengatik baizik. Nafarroaren kasuan, ez Geroa Baik ez ezker estatalistak ez dituzte esperotako emaitzak jaso. Areago, ezker estatalistaren kasuan, barne lehia fratizida eta hauteskundeetara zerrenda ezberdinetan zatituta joan izana erabakigarriak gertatu dira aldaketak behar besteko babesik jaso ez zezan. Gasteizko eta Gipuzkoako erronken kasuan, berriz, PNVk PP eta PSOEk Podemos “irentsi” izana izan da EH Bilduren emaitza bikainek itzulpen instituzional handiagoa izan zezaten galarazi duena. Horren inguruan bada zer hausnartua, noski, baina nekez egotzi ahal zaio EH Bilduri bere aliatuek beren etxeko lanak egin ez izanaren ardura, edota EAEn bere aurkari nagusi den PNVk are babes handiagoa eskuratu izana, noiz eta babes horren parte inportante bat EH Bilduren aurkako bozkan eta, beraz, eta paradoxikoki, EH Bilduren indartzean datzanean.
Nafarroakoa kolpe handia da, zalantzarik gabe, prozesu subiranista-eraldatzailea botere instituzional apalagoarekin jorratu beharko baitugu datozen urteetan. Baina prozesu hori, aldaketa bezalaxe, ez zen eta ez da instituzioetan hasten, kalean baizik, eta bai ezkerreko independentismoaren emaitzek, bai emaitza orokorrek (aldaketak irabazi ez duen arren, nekez esan daitekeelako erregimenak irabazi duenik), bai, batez ere, urteotan nafar gizarteak erakutsitako dinamismoak, aktibazioak eta mobilizazio mailak erakusten dute zenbat aurreratu duten kalean bai aldaketak bai prozesu subiranistak.
Bestalde, nola EH Bilduk eremu geografiko eta errealitate soziologiko batzuetan (Bilbo handia, Irun, Erribera...) erakutsitako mugek eta ezintasunek hala ezkerreko independentismoak oraingo hauek baino are emaitza hobeak eta are hegemonia sozio-kultural eta elektorala eskuratzeko anbizioak eraman behar gaituzte bai errealitate horiei begirako interbentzio-eredua bai egitasmo independentista bera birpentsatzera, egitasmo horrek hegemonia sozio-kultural eta elektoralaren eraikuntzak eskatzen duen transbertsalitatea eskuratu ahal izan dezan.
Guztiarekin, ez finkatu genituen helburu kualitatiboak lortu ez izanak ez aipatu berri ditugun aurrera begirako hausnarketa horiek ezin gaituzte eraman, inondik inora, emaitza hauek gutxiestera. Alderantziz, EH Bilduk hauteskunde hauetan eskuratutako babes soziala, botere munizipala eta ordezkaritza instituzionala askapen prozesuan aurrera egiteko orube paregabea da.
Babes sozial/elektoral handi horrek badu beste berezitasun bat, emaitza on horiek are hobeak bilakatzen dituena. Izan ere, 2011n Amaiurrek eskuratutako babesa hein handi batean ziklo aldaketari eta, beraz, bakearen aldeko apustu irmoari zor bazitzaion, oraingoan EH Bilduk eskuratutako emaitzak egitasmo politikoari eta gestio gaitasunari zor zaizkiola ondoriozta daiteke, horrek suposatzen duen guztiarekin.
EH Bildu, egitasmo ezkertiar subiranista, indartze bidean den eta, gauzak ondo eginez gero, gero eta gehiago indartuko den espazio politikoa da. Zergatik? Lehenik eta behin, egitasmo eta eskaintza argi bat daukalako herri honentzat, lurralde-eremu guztietan ere ahalik eta burujabetza maila handiena eskuratzetik pasatzen dena, estatu propio bat, Euskal Errepublika, eraikitzetik pasatzen dena, eta gero eta nabarmenagoa delako burujabetza eta ongizate lotuta daudela; bigarrenik, aspaldi honetan esan bezala, urte luzeetako borrokaren ondorioz, gure baloreak hegemoniko bilakatzen ari direlako eta denbora kontua baino ez delako herri honetan izan baden gehiengo aurrerakoi, feminista, ekologista, euskaltzale eta subiranista horrek ezkerreko subiranismoaren aldeko hautua egitea; hirugarrenik, denborak aurrera egin ahala, iraganeko hesi eta harresi batzuk erortzen ari direlako eta horrek, apurka-apurka, orain gutxi arte ezkerreko independentismoari erreaktibo izan zaizkion esparru sozialak erakartzea ahalbideratuko diolako; laugarrenik, gero eta nabarmenagoa delako ere ezkerreko subiranismoa gestio gaitasunaren eta gestio onaren sinonimo dela eta horrek ere jendarte sektore zabalak erakartzeko aukera eskainiko diolako; eta, azkenik, ezkerreko subiranismoa indar politiko ezberdinekin akordioak egiteko gaitasuna erakusten ari delako eta horrek arestian aipatu baloreetan oinarritutako zentralitate berri bat eraikitzeko aukera eskaintzen diolako.
Bukatzeko, esan gabe doa hauteskundeetako emaitza bikain hauek elementu/faktore askoren ondorio direla: hamarkadetako lanak eta borrokak gizarteratutako baloreen eta gorpuztuz joandako indar harremanaren ondorio; azken urteotan herriz herri eta herrialdez herrialde dela instituzioetan dela kalean egindako xinaurri lanaren ondorio; hautagai eta zerrenda txukunak aurkeztu izanaren ondorio; eta, noski, kanpainan milaka lagunek egindako lan eskergaren ondorio.