Igorren heriotza ez da heriotza naturala izan. Igorrek zigorraren hiru laurdenak beteta zituen, eta, hori gutxi balitz, gaixorik zegoen. Beraz, espainiar legediaren beraren arabera kalean behar zuen. Igorren heriotza ekidin zitekeen, beraz, eta ekidin zitekeenez gero, heriotza horrek izen abizendun erantzuleak ditu. Igor Gonzalez Sola ez da hil: Igor Gonzalez Sola hil egin dute salbuespenezko espetxe politikak eta berau indarrean mantentzen duten guztiek!
Gaur eta hemen indarrean dirauen biolentzia bakarra estatuena da. Zeren eta bai, larriki gaixorik diren presoak espetxean mantentzea biolentzia da; presoak isolatuta edota beren etxeetatik ehunka kilometrotara urrunduta mantentzea biolentzia da; nazioarteko legedia nahiz espainiar legedia bera urratzen duen salbuespenezko espetxe politika bat indarrean mantentzea biolentzia da. Bada, bada garaia estatuek beren biolentziari uko egin diezaioten! Zeren eta biolentzia hori sufrimendua eta heriotzak eragiten ari da gaur eta hemen! Eta herri honek ez du sufrimendu eta heriotza gehiago nahi. Herri honek elkarbizitza, bakea eta askatasuna nahi ditu! Hala bada, noiz hitz egin ahal izango dugu estatuen biolentziaz iraganean? Noiz utziko diote estatuek biolentzia erabiltzeari beren proiektu politikoa inposatzen saiatzeko? Herri honek elkarbizitza, bakea eta askatasuna nahi ditu, bai. Eta ez dago ez elkarbizitzarik, ez bakerik, ez askatasunik presoek espetxean jarraitzen duten bitartean. Are gutxiago, presoak espetxean hiltzen jarraitzen duten bitartean.
Igor Gonzalezekin 49 dira salbuespenezko espetxe politikak hildako euskal herritarrak. Eta guk diogu: aski da! Ez dugu hildako bakar bat ere gehiago nahi! Egoera honekin amaitu beharra dago, luzamendu gehiagorik gabe, orain! Ez dugu hitz politik nahi; ekintzak nahi ditugu! Eta nahi ditugu orain! Luzaroan entzun genuen ETA desagertuz gero 48 ordutan amaituko zela dispertsio politika. Are gehiagotan entzun behar izan dugu legea betetzeko dagoela. Bada, bete legea! Bete zuen legea! Utzi bertan behera salbuespenezko espetxe politika! Utzi presoei bere bidea egiten! Eta batez ere, utzi herri honi bere bidea egiten bakean eta askatasunean!
Bukatzeko. Periko Solabarria handiak zioen, “ez badigute amets egiten uzten, ez diegu lo egiten utziko.” Bakearekin eta askatasunarekin amets egiten dugu. Presoen askatasunarekin eta Euskal Herriaren askatasunarekin. Bakea eta askatasuna lortzeko borrokan jarraitu behar dugu. Dei egiten dizuegu egoera honekin lehenbailehen amaitu behar dela uste duzuen guztioi, ez etsitzeko. Indarrak biderkatzeko garaia da.