ALBISTEA


sortu

Hartu ditzagun arraunak, hauspotu dezagun independentziarako indarra!

2022-08-31

Sortuk manifestazioa egingo du Donostian irailaren 11n, ‘Independentziarako Indarra!’ lelopean, errotikako aldaketaren alde.

Gipuzkoako hainbat mugimendu eta dinamikatan lanean gabiltzan Sortuko zenbait kide elkartu gara hemen; irailaren 11n, Donostiako Kontxako Banderako bigarren igandean, “Independentziarako indarra” lelopean egingo dugun manifestazioaren berri emateko.

Independentziarako indarra ez da aldarri soil bat: guztia alda dezakeen indarraz ari gara, guztia alda dezakeen borrokaz eta herri gogoaz. Eta, ez dugu aldarrikapenetan soilik geratu nahi; bide horretan, arraunak hartu eta paladak elkarrekin ematera goaz.

Garai ezegonkor eta larriak ari gara bizitzen: atzeraldi ekonomikoa, energia krisia, gerra amaigabeak, aurpegi askotariko indarkeriak, gatazka politikoaren iraganeko korapiloetan kateatzeko saiakerak... Baina, ezin dugu etsipenean erori: herri honek ziaboga oso bat behar du, euskal herritarrok kolorez eta ilusioz betetako eraldaketa bat nahi eta behar dugu. Eta hau da momentua, komunitate sena berpiztu eta herri honen zimenduak berritzeko paladak indarrez emateko. Nola herri honen biziraupenerako, hala herritar ororen bizi baldintza duinak bermatzeko ere.

Krisiei aurre egin beharra dago, bai. Eta printzipio argi batekin: ezin dituzte betikoek ordaindu, emakumeek, gazteek, pertsona arrazializatuek, pentsiodunek, langileek. Eta horretarako, berehalako neurriak hartu beharra dago: pertsonak, ekonomia, enplegua eta soldatak babestu eta jendartearen ongizate energetikoa bermatuko dutenak. Gaurko paladek, badute beraz, ez hain urruneko ipar hori.

Euskal Herri libre, sozialista, feminista, euskalduna, ekologista, preso, iheslari eta deportatu politikorik gabea... Hor dago gure iparra, hor dago jarraituko dugun itsas-argia. Eta, ez gara itsasoaren eta haizearen egoera hobetzeko zain egongo. Gu, dagoeneko, ari gara paladak ematen. Burujabetzak eskuratzera eta eraikitzera bidean, datozen hilabeteetan emango dugun palada bakoitzak gerturatuko gaitu independentziaren itsas-argi horretara.

Arraunaldi eta ziaboga horrek bestelako lidergo bat eskatzen du, nola Euskal Herrian hala Gipuzkoan ere. Eta guk argi daukagu: ezker independentismoak gidatu behar du arraunaldi hori, ziaboga hori. Azken urteetan erakutsi moduan, herri honentzako alternatiba oso bat eta proposamen zehatzak ditu ezker independentismoak. Eta, ikasturte politiko honetan, aldeko olatua sortzeko aukera parez pare dugu irekita, gipuzkoarrok, gogoz astinduko ditugu arraunak.

Itsaso mugitu honetan ez dago ezer idatzita, eta bandera jokoan dago. Guri ere badagokigu idaztea, kolorez marraztea, anbizioz, ilusioz eta indarrez. Ez gara aldarrikatzeaz bakarrik ari, guk idaztea nahi dugu, marraztea nahi dugu. Hori da gure borrokaren esentzia, epika, herri hau herritarrokin eraikitzea, egitea, herria egitea. Horregatik guztiagatik, irailaren 11n, estropadetako bigarren igandean, Donostiako Bulebarretik 13:30ean abiatuko den manifestaziora deitzen zaituztegu.

Har ditzagun arraunak, hauspotu dezagun Independentziarako Indarra!