ALBISTEA


herrigintza/plaza hutsa

Hamaika borrokaren topalekua

2020-03-22

Herrigintzan ari diren norbanako ugarik Europa Jauregian topo egin dute gaur, gure herriak parez pare dituen erronkei buruz gogoeta egiteko.

Durangotik Plaza Hutsaren urteroko zita hiriburu batera aldatu dugu, Gasteizera. Herrigintzan ari diren norbanako ugarik Europa Jauregian topo egin dute gaur, gure herriak parez pare dituen erronkei buruz gogoeta egiteko. Euskalgintzari, tokiko herrigintzari, hezkuntzari eta ekologimoari behar den moduko bulkada emateko gogoeta kolektiboa egin dugu, beti ere ezkerreko ikuspegi independentista batetik.

Alor horietako bakoitzean lan-talde bana jarri dugu abian. Aurten feminismoa ez da lantalde berezi bat izan, baina saio guztian egon da presente. Horregatik, lan-taldeen saioa hasi aurretik “Intersekzionalitatea herrigintzan” mahaingurua eskaini digute Lorea Agirrek, Nahia Torrealdaik, Nora Salbotxek eta Iratxe Delgadok. Borroka ezberdinei buruz pentsatzen hasi aurretik, errealitateari begiratzeko beste betaurreko batzuk janzteko ariketa izan da.

“Ez dago borroka bakar bat. Borroka asko daude elkar lotuta, eta horrela denak uztartuta iritsiko da azkarrago emantzipazioa. Bakoitzak urrats bat egiten duen aldiro, aldameneko guztiek ere urratsa egin behar dute”, honelaxe laburbildu du Lorea Agirrek intersekzionalitatearen gaia. Ariketa bat proposatu digu jakiteko nola gauden sistema hibridoetan murgiltzen baikara. Izan ere, borroka jakin bat (feminismoa, hizkuntza, nazioa…) ez da berdina izango hemen edo beste toki batean, ezaugarri ezberdinak izango ditu. Horrez gain, gogoratu du menperatuak eta menperatzaileak garela aldi berean.

Naia Torrealdaik enpatia ariketa bat proposatu digu. Aniztasuna errealitatea ulertzeko modu bat dela nabarmendu du eta bera kudeatzea erabat konplexua dela, gatazkatsua baita. Garrantzitsua deritzo intersekzionalitatea identitatearekin identifikatzea. "Mugimendu feministan asanblada asko gazteleraz izaten dira emakume arrazializatuak daudelako”, adierazi du. “Esaten dizute astean sei egun lan egiten dutenez ez dutela denborarik euskara ikasteko, zer esanik ez dirua. Borroka komun bat izan liteke hori."

Nora Salbotxen arabera, “hezkuntzan dauden korapiloetara hurbilpen zehatzagoa egiteko aukera eman digu intersekzionalitateak. Orain arte eskoletan ikuspuntu paternalistatik landu izan diren hainbat tasun, beste ikuspuntu politiko batetik lantzeko aukera izan da." Intersekzionalitateak hezkuntzaren publikotasunaren gaiari zuzenean eragiten dio. "Publikotasunaren eztabaidara intersekzionalitatearen markoa ekarri dugunean konturatu gara lehengo ikuspegi analitikoak ez gintuela asetzen. Ardatz aniztasuna eman digu: generoa, nazioa, arraza, klasea eta abar."

Iratxe Delgadok espazioaren eta komunikazioaren arteko hibridazioaz jardun du.Denbora hartzea eskatu du egitasmoen oinarria birpentsatzeko. Izan ere, espazio intersektorialetan aritzea gatazkatsua da. “ Gure egitasmoetan sartu ditugu zaintza txandak, brigada feministak eta abar, baina horrek ekarri behar lituzkeen egiturazko aldaketak pentsatu gabe”.

Ondoren, lau lan-talde eratu dira, gogoeta egin eta ekarpenak . Dabid Anautek laburbildu du euskara lan-taldean egindako gogoeta: “Gogoeta bat egin dugu euskalduntze fase bati buruz, pentsatuz euskalduntze fase berri bat etorri behar dela. Balantze batetik abiatu gara eta balantze horrek esaten diguna da agortze edo gelditzea gertatu dela, eta batez ere beste jauzi bat behar dela. Uiste dugu behar hori partekatua dela euskalgintza oro har eta baita gizartean ere. Ahalegin bat egin beharko dugu ekarpen bat egiteko. Ideia batzuk jarri beharko ditugu dantzan. Bulkada berri baten beharra eta ipar adostu baten beharra nabarmendu ditugu, besteak beste”.

Iaz ez bezala aurten ekologismoaren lan taldea eratu da, klima larrialdiaren gaia hartzen ari den dimentsioa kontuan hartuta. Olaia Matxainek parte hartu du bertan. “Larrialdi klimatikoaren gaiak lurra hartu du Euskal Herrian. Horri erantzuteko espazio ezberdinak antolatzen hasiak dira Euskal Herrian forma ezberdinetan. Gure ustez horietako bat da larrialdi klimatikoaren olatu berri honi klabe eraldatzaileetan erantzun behar diogula eta testuinguru hori hartu behar dugula.

Pello Otxandiano tokiko herrigintzako lan-taldean aritu da. “Komunitate lokaletik, eskala lokaletik, herri-auzo-eskualde eskalatik, herrigintzan zer ekarpen egin dezakegun aztertu dugu. Zer nolako herrigintza eskatzen duen eskala lokal horrek eta nola herrigintza hori hibridatzen den eskala lokalean. Uste dugu kategoria politikoa eman behar diogula tokiko herrigintzari, aukera bat dela kolektibotasuna eraikitzeko eta datorren uholde neoliberalari erresistentzia fronte bat eraiki behar diogula. Zehazki aztertzen ari gara egitura hibridoen artikulazioa: intersekzionalitatearen mahainguruan aztertu dira maila publikoago batean, eta kasu honetan aztertu dugu praktikan zer aukera erreal ditugun feminismoa euskaltzaletasunarekin hibridatzeko, ekologismoa independentismoarekin… Eta bigarren maila batean, udalgintza eta herrigintzaren arteko artikulazioaz aritu gara eta nola gai garen maila lokalean boterea hartu eta botere hori erabili demokratizazio lokalen zerbitzura”.

Hezkuntzako lan-taldean izan da Nora Salbotx. “Gure lan taldean eztabaidatu dugu azken urte erdian jorratu dugun txostena, hezkuntzari buruzkoa. Hezkuntzaren Plaza Hutsean, ekarpen pila bat jasota, diagnosi bat eratu dugu gaurko hezkuntza sistemek –pluralean hitz egin behar dugu, Espainiakoa, Frantziakoa...– zer gabezia dituzten, eta zer kezka dauzkagun hezkuntza komunitatean hezkuntza sistemen gainean. Bestetik, bigarren zati batean, azken ukituak ematen ari gara: publikotasunak nolakoa izan beharko lukeen;intersekzionalitatearen perspektiba hori guztia gehitu diogu eta horrek asko zabaldu digu begirada, marko analitiko oso aberatsa gertatzen ari baita. Hirugarrenik, aurrera begira eta gaurtik hasita aritu gara: erronka da E egunaren esperoan egon gabe gaurtik hasita badugula zer egina herri hezitzailearen filosofia ekarrita, herri-akordioak bilatzeko aukerak eta gaitasuna galdu dugula.

Amaitu aurretik, borroka eta alor guztietako eragileek biribilean jarri eta bat egin dugu, Joxe Mari Auzmendi zena gogora ekarriz, bere ekarpena modu xumean omenduz. Guztion artean kromletxa osatu dugu, berak gustuko zuen moduan.