ALBISTEA


gora herria

Haien etekina, gure miseria. Aberastasuna herriarentzat!

2023-03-03

Ekintza aktibista egin dugu Bilbon, Santander bankuaren egoitzan. Banku eta energia enpresa handien irabazi neurrigabeak eta herritarren pobretzea salatu ditugu, norabide aldaketa erradikala aldarrikatuz.

Bankuek eta energia enpresa handiek inoizko irabazi handienak izan dituzte 2022an, jendartearen bizi baldintzak neurrigabe okerrera doazen bitartean. Haietako buruak gero eta aberatsagoak dira, herritarrok gero eta pobreagoak garen heinean.

Zerbitzu publikoen aurkako erasoak orokortzen ari dira, tartean, osasun publikoa eraitsiz; pentsioak eta lan baldintzak are prekarioagoak dira; oinarrizko produktuen garestitzea etengabekoa da, ordaintzeko ezinezkoak diren alokairu eta hipotekak ditugu gure herrietan. Sakoneko norabide aldaketa behar da, denon bizitzen alde.

Egoera horren aurrean, ezinbestekoa da:
• Erreforma fiskal sakona, aberastasuna birbanatzeko eta ezberdintasun sozialekin amaitzeko.
• Merkatuan esku hartzea, oinarrizko eskubideak bermatzeko, energiarenean eta etxebizitzarenean kasu.
• Soldatak eta pentsioak igotzea, bizitzeko oinarrizko beharrak asetzeko.
• Zerbitzu publikoetan inbertitzea, herritarroi dagozkigun bitarteko duinak bermatzeko.

Horrek bestelako borondate eta norabide politiko bat eskatzen du, bizitzak erdigunean jarriko dituena, kapitalaren interesei muzin eginez. Horretarako, ezinbestekoa da lidergo politiko berri bat, herri honen etorkizuna eta burujabetzaranzko bidea
gidatuko duena.

Dirua egon badago, baina ez herriarentzat; lapurrak daude sobera. Ez dezatela luxurik egin gure miserien bizkar.

Aberastasuna herriarentzat!
Independentziarako Indarra