ALBISTEA


bakea eta bizikidetza

Gobernua behartuta dago sententzia hau betetzera

2022-05-11

Parot doktrinaren inguruko ebazpenarekin egin zuen bezalaxe une honetan espetxean dauden hamarnaka Xabier Atristain horiek kalean jartzeko ofizioz jardun beharko luke.

Estrasburgoko Giza Eskubideen Nazioarteko Auzitegiak espainiar Estatuaren helegitea baztertu ondoren eta horrenbestez Xabier Atristainen aurkako auzia amaitu ondoren, Sortuk balorazioa eskaini du. Agerraldian, izan dira Atristain bera, Zigor Reizabal abokatua, balorazio juridiko sakona eskaini duena eta Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, beheko balorazio politikoa eskaini duena.

Zer esan du Europak?

Xabier Atristaini aplikatu zitzaion inkomunikazio-errejimen horrek oinarrizko eskubideak urratu zituela eta urratzen dituela. Zehazki, bi: batetik defentsa-eskubidea, eta bestetik prozesu judizial justu eta ekitatibo baterako eskubidea. Ez badago defentsa-eskubiderik ezin da kondenarik egon. Eta baldin badago, kondena hori injustua da, eta kondena horrek nulua behar du izan.

Inkomunikazio mota hori sistematikoa eta orokortua izan da

Milaka Xabier Atristain izan dira azken hamarkadetan eta une honetan espetxeetan dauden euskal presoen artean hamarnaka Xabier Atristain daude. Milaka lagun izan dira, eta une honetan espetxeetan hamarnaka lagun daude espetxeetan egon beharko ez luketenak. Bestela esanda, espetxean daudenak modu injustuan, modu bidegabean.
Beraz, pertsona horiek denek behar dute erreparazioa. Erreparazio horrek, espetxean daudenen kasuan lehen lehenik, eskatzen du berehalakoan kaleratuak izatea, Europak ebatzi duen horren argitara, pertsona horiek daudelako espetxean une honetan modu bidegabean. Izan ere pertsona horiek kondenatu egin zituzten eta horren ondorioz espetxean daude, beharko ez luketenean. Zeren eta kondena horretarako urratu behar izan ziren beren oinarrizko eskubideak, zehazki aipatutako biak: defentsarako eskubideak eta prozesu justu eta ekitatibo baterako eskubidea.

Estatua behartuta dago

Estatua, beraz Gobernua, behartuta dago sententzia hau betetzera eta sententzia honen eskutik Europak ezarri berri duen jurisprudentzia. Horretarako bide legislatibo, politiko eta juridikoak daude. Garrantzitsuena zera da: Estatua eta Gobernua behartuta dagoela. Bere ardura da, bere erantzukizuna, eta ofizioz jardun behar du. Ez litzateke inondik inora ere onargarria, ez justua, ez arrazonagarria, Estatuak behartzera espetxean dauden hamarnaka Xabier Atristain horiek banan-banan jo behar izatera Europara justizia bila. Justuena eta arrazoizkoena litzateke garaian Parot doktrinaren inguruko ebazpenarekin egin zuen bezalaxe egitea, ofizioz une honetan espetxean dauden Xabier Atristain horiek kalean jartzea. Horrekin batera, azken hamarkada hauetan izan diren milaka eta milaka Xabier Atristain horiek erreparatzea, inkomunikazio errejimen modalitate hori hemen aplikatu zaielako sistematikoki eta modu orokortuan.
Edonola ere, guk bataila politikoa eta juridikoa emango dugu, justiziazkoa delako. Zalantzarik gabe horrek ekarpen paregabea egingo diolako konponbideari eta herri honetan elkarbizitza demokratikoa eraikitzeari.

Ezker abertzalearen irakurketa berretsi da

Horrek guztiak, azken batean, berretsi egiten du ezker abertzaleak historikoki mahaigaineratu duen irakurketa. Aste hauetan luze hitz egiten ari gara Pegasus auziari buruz, arrazoi osoz onartezina baita, Estatu demokratiko batek ez baitu jendea zelatatzen, eta zelatatzen badu demokratikoa ez den seinale dugu. Hori Euskal Herriaren kasuan icebergaren tontorra baino ez da, zeren herri honetan espioitza politikoa sistematikoa izan da. Baina ez hori bakarrik, herri honetan tortura sistematikoa izan da. Herri honetan, gerra zikina eta estatu terrorismoa izan da. Herri honetan, komunikabideak itxi dira. Herri honetan alderdi politikoak legez kanporatu dituzte. Herri honetan, jendea espetxeratu dute beren ideia politikoengatik. Eta herri honetan oraindik ere bide bazterretan milaka lagun daude lurperatuta.

Zergatik gertatu da eta gertatzen da hori guztia, Pegasus hizpide dugula? Ezker abertzaleak historikoki defendatu duen bezala, duela 40 urte ez zelako frankismoarekiko haustura demokratikorik egin, ez zelako izan estatuaren demokratizaziorik. Eta zentzu horretan, egungo espainiar Estatua orduko estatu frankistaren jarraipena baino ez delako. Franco duela ez asko hilobitik atera zuten, baina frankismoa estatu-aparatuetan, estatu-egituretan, estatuaren muinean gotortuta jarraitzen duelako.

Europako ebazpena aukera bat da

Hala ulertu beharko luke Gobernuak, Estatuak eta indar politiko eta sozialek, bai herri honetan bai Estatuan. Aukera zertarako? Lehen-lehenik euskal preso politikoen aferari aterabide bat emateko, aterabide justua, arrazoizkoa, eta aterabide bat legala. Alegia, legalitateari estuki eta hertsiki lotuko zaion aterabidea litzateke. Xabier Atristainen auziaren sententziaren harira entzun genuen Gobernua esaten epaitegien ebazpenak errespetatzen dituela. Hamarkadak pasa ditugu entzuten legea betetzeko dagoela. Esaten dieguna hau da: bete dezatela ebazpen hau, bete dezatela legea, egin dezatela errebisio hori, espetxean diren hamarnaka Xabier Atristain horiekin, eta errepara ditzatela horiek guztiak.

Sententzia hau eta bere ondorio guztiak aukera bat dira egiteke dagoen eta estatu honek egiteke duen demokratizazio horretarako. Espainiako Gobernuari eta berau osatzen duten indarrei mezu zuzena helarazten diegu: ezin zaio aurre egin eskuinari, eskuinei eta eskuin-muturrari, ezin da arrisku hori uxatu baldin eta beraien praktikak erreproduzitzen badira edota iraunarazten badira. Ezin zaio eskuin-muturraren gorakadari baldin eta 78ko Erregimenari eusten bazaio, baldin eta erregimen hori iraunkortzen bada arnasketa artifizialaren bidez bada ere. Horri aurre egiteko modu bakarra da benetan estatu honen demokratizazioan aurrera egitea, frankismoarekin behingoz haustea eta estatu honek demokratizazio beterantz bide egitea eta demokratizazio horrek eskatuko lituzke eta ekarriko lituzke eskubide guztiak, guzti-guztien errespetua: hasi eskubide zibil eta politikoetatik eta eskubide nazionaletaraino. Demokratizazio horrek eskatuko luke estatu honek onartzea bere izaera plurinazionala eta halaber konponbide politiko bat ematea nazio-gatazkei.