ALBISTEA


sortu

Goazen aldaketaren olatua marea bilakatzera!

2023-09-11

Jendez, kolorez eta aldarriz bete ditu Sortuk Donostiako kaleak, Kontxako estropadetako bigarren igandean egindako manifestazioan

Independentziarako indarra gara, eta horren aldeko lanean dihardugu egunero. Iaz bezala, aurten ere kalera atera dugu indar hori estropaden aitzakian, jai giroak lagunduta. Baina ez gaude iazko toki berean: iaz esan genuen aldaketaren olatua eragiteko aukera Gipuzkoan eta Euskal Herrian parez pare irekita genuela. Gaur, aldiz, olatu hori abian dela diogu, eragin dugula. Orain, olatu hori biderkatzera goaz, sakoneko eraldaketaren marea bultzatzera. Euskal Herrian ziklo politiko berri baten zantzuak gero eta nabarmenagoak dira. Ezker independentismoa inoiz baino indartsuago dago, besteak beste, iragan ikasturteko bi hauteskunde hitzorduek frogatu duten modura. Gipuzkoan, gainera, lehen indarra gara, nola herrialdean hala bertako herri gehientsuenetan ere.

Instituzioak ez ezik, kaleak ere badira aldaketaren eta olatuaren isla. Askotariko aldarriak, proiektuak eta borrokak martxan dira gurean: zaintza sistema publiko-komunitarioaren aldekoak, euskaldunon aurkako erasoei aurre egin eta jauzi berriak egitearen aldekoak, etxebizitza eskubidearen aldekoak, aberastasunaren banaketa erradikalaren aldekoak, trantsizio ekologiko justuaren aldekoak eta euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzearen aldekoak.

Uztailaren 23an faxismoari marra gorria jarri genion Euskal Herrian. Orain, erronkaz betetako lan urte politikoa abiatu dugu: mehatxu atzerakoiei aurre egitearekin batera, herria egitea, herria egiten jarraitzea. Guztion bizitzak eta haien zaintza erdigunean jartzeko eguneroko lanean ari gara, herriz herri eta auzoz auzo, instituzioetatik eta kaletik.

Gure herriak dituen erronka itzelei aurre egiteko ezinbestekoa da horretan jarraitzea, egunez egun burujabetza gero eta gehiago eskuratu, eta errotikako eraldaketaren marea geldiezin bat eragiteko. Eta ezker independentismoak badu horretarako gaitasuna eta proiektua, frogatu dugun bezala.

Hemen bada egunero egiten eta eragiten ari den herri bat; aldaketa politiko eta sozialaren alde borrokan ari den indarra. Sortuk herri indar hori lantzen segitzeko borondate osoa du. Argi dugu zein diren horretarako osagaiak: askotariko borroken arraunak, eta haiek bultzatuko duten bizitzaren eta haren zaintzaren aldeko trainerua, guztiok elkarrekin joango garena. Goazen, bada, olatua biderkatu eta marea eragitera!