Azken egunotan Palestinatik eta Israeldik iristen ari zaizkigun albiste lazgarriek kezka handia eragin digute. Larunbatetik hona lehenago ere nahikoa latza zen egoera gordindu egin da eta gatazka gerra ireki bihurtu da. Datozen egun eta asteetan agertokirik okerrena espero daiteke eta, zoritxarrez, irudi latzak eta krudelak biderkatuko direla dirudi.
Honako hau da testuinguru honetan Sortuk esateko duena:
- Premiazkoa da gerra etetea. Gatazkaren eskaladak, ohi duenez, sarraskia areagotu baizik ez du egingo.
- Gerra eten beharra dago, baino hori ez da aski; estatus quoa bere horretan mantentzea ez da aukera bat. Gatazkari konponbide justu eta demokratikoa emate aldera, Nazioarteko Komunitateak Israelgo estatua NBE-ren ebazpenak bete eta elkarrizketa eta negoziazio politikoei atxikitzera behartu behar du.
- Bakea, justua, egonkorra eta iraunkorra izango bada, elkarrizketa eta negoziazio politikook Palestinaren okupazioaren bukaera eta Palestinaren askatasuna bermatu behar dute.
Norabide horretan mobilizatzea eta presio egitea da Palestinari eta haren askatasunari egin dakiokeen ekarpenik handiena.
Euskal Herria ere herri zapaldua da. Gure herriaren askatasunaren alde borrokatzen gara eta munduan zapalduta dauden gainontzeko herriekiko elkartasuna adierazten jarraituko dugu, herri askez osatutako mundu justua baitugu helburu.
Gora munduko herriak!
Gora Palestina!