Franco diktadorea hil eta 50 urtera, Espainiako 78ko erregimena pitzatzen segitzeko deia egin du Paul Laka Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak. 41 eta 36 urte bete dira, hurrenez hurren, GALek Santi Brouard eta mertzenarioek Josu Muguruza hil zituztela tiroz, biak Herri Batasunako kideak. Urtero bezala, Sortuk haiek oroitu eta eurek egindako ekarpen politikoa goraipatu ditu; aurten, ekitaldia egin du Bilboko Errekalde auzoan. Gehiengoak artikulatuz Euskal Herriaren askapen prozesua sustatzen segitzeko ezker abertzalearen konpromisoa berretsi dute bertaratutakoek. Larunbaterako EH Bilduk Bilbon antolatu duen nazio manifestazioan parte hartzera deia egin dute.
Musika, kontakizun, bertso eta lore artean oroitu dituzte Brouard eta Muguruza. Ekitaldiaren amaiera aldera, Lakak hartu du hitza, Sorturen izenean. Hark azpimarratu duenez, askapen prozesurik ez dagoela sinetsarazi nahiko luketen arren, “hemen bere buruaren jabe izan nahi duen nazio bat existitzen da, eta martxan dagoen askapen prozesu bat dago”. Larunbatean Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko futbol partiduaren bueltan izandako mobilizazioak eta herriaren atxikimendua da horren isla, Sorturen Bizkaiko arduradun politikoaren esanetan.
Santi eta Josu hil zituzten garaitik Euskal Herria asko aldatu dela onartuta, askapen mugimenduak egoera berrietara egokitzeko izan duen gaitasuna goraipatu du Lakak. “Frankismotik 78ko erregimenerako erreforma antolatu zutenean, guk ere mugitzen jakin izan genuen, etsaiak formak bai, baina funtsa aldatzen ez zuela ulertuta. Gaur, orain eta hemen, jakitun gara ziklo aldaketa bat gorpuzten ari dela, eta gure proiektu politikoa egikaritze bidean, momentua ondo irakurri eta arduraz jokatzea dagokigula”, adierazi du.
Santik eta Josuk egin zuten ekarpena bidean galdu ez dadin, “guri dagokigu, orduan erantzun baikor bat ematen jakin zuten moduan, gaur berdina egitea”, Lakaren arabera. “Nazio bulkada erraldoi bat martxan jartzea. Nazio askapen mugimenduaren ur emariari bestelako erreka batzuetatik datorren ura gehituz, zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria den amets konpartitua jende gehiagorekin eraikitzeko”.
Ekitaldian Bea Ilardiak ere hartu du hitza. Santik eta Josuk herritar batasuna eraikitzeko egindako lana ekarri du gogora betetik; eta bestetik, gatazkaren konponbide politikoaren alde eta bakearen alde egin zuten lana goraipatu du. Konpromiso politiko horrengatik hil zituztela oroitu du Ilardiak. “Santi eta Josu gerra zikinak hil zituen, beste hamarnaka euskal militante bezala. Haien hilketak frankismoaren sustraietan bertan eraikitako estatu proiektuak bultzatu zituen. 78ko erregimenak hasieratik jarri zuen euskal ezker independentista desagerrarazteko helburu gisa”.
Aldiz, milaka herritarren konpromisoari esker, Euskal Herriak aurrera egin du. Ilardiaren aburuz, asko ikasi dute askapen mugimenduko kideek Santi eta Josurengandik, eta haien asmo berarekin segitzen dute aurrera. “Gu desagerrarazteko saiakera guztien aurrean, gaur egun ezkerreko euskal independentismoa lehen indar politikoa izateko borrokatzen ari da. Euskal Herriko aldaketa politiko eta sozialaren aldeko borrokaren lehen lerroan jarraitzen dugu, eta bere iragan frankistarekin hautsi gabe jarraitzen duen estatu baten politikak baldintzatzen ditugu. Orain, lotuta eta ondo lotuta utzi zuten hori askatzen hasteko aukera dute. Iritsi da garaia estatuan demokratizazio sakon bat egiteko, Euskal Herria den bezala aitortuko duena: existitzeko eskubidea duen eta bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea duen nazio bat”.
Bukatzeko, larunbatean EH Bilduk Bilbon egingo duen nazio manifestazioan parte hartzeko deia egin du Ilardiak. “Gure herria zapaltzen duten espainiar eta frantziar estatuetan ere faxismoa eta ultraeskuina gogor datoz, eta azken hamarkadetan lortutako gure eskubide eta aurrerapen nazionalak arriskuan daude. Baina, 40 urte geroago, gure herria ulertu gabe jarraitzen dute. Josu, Santi, zuek egin bezala, gaur ere harresi herritar antifaxista indartsua topatuko dute euskaldunon lurraldean. Askatasun haizea garelako, eta herri hau askatzera lotuak gaudelako. Hori da gure konpromisoa”.